Jostailuak trukatzeko merkatua egingo du aurten ere Txatxilipurdik

Eneko Azurmendi 2020ko aza. 11a, 14:21

Ekimen honen bitartez, jostailu ezberdinak lortzeko aukera eskaini nahi diete herritarrei, "trukearen balioa sustatuz eta berrerabiltzeari garrantzia emanez". Datorren astean hasiko dira jostailuak biltzen eta abenduaren 12an egingo dute azoka.

Azaldu dutenez, nahi adina jostailu eroan daitezke eta guztiek balio bera izango dutela nabarmendu gura izan dute. "Horien trukean, txartelak jasotzeko aukera egongo da; jostailu bakoitzeko txartel bat".

Txartelei dagokionez, parte hartzaile bakoitzak ekarritako lehen bi jostailuengatik koloretako bi txartel izango ditu eta hauek azoka egunean nahi duen orduan aldatu ahal izango ditu (11:30-13:30 bitartean). Gainontzeko jostailuengatik zuri-beltzeko txartelak jasoko ditu eta hauek azoka egunean bigarren orduan aldatu ahal izango ditu (12:30-13:30 bitartean). Hau da, parte hartzaile batek bost jostailu ekarriz gero, lehen bi jostailuengatik koloretako bi txartel eskuratuko ditu eta gainontzeko jostailuengatik, hiru txuri beltzeko txartel jasoko ditu.

Jostailuek bete beharreko baldintzei dagokienez, "osorik eta egoera onean" egon beharko dira. "Bestalde, ez ditugu onartuko indarkeria sustatzen duten jostailuak ez eta sexu bereizketa egiten dituztenak".

Azoka, abenduaren 12an

Abenduaren 12an Biteri plazan egingo duten azokan,  txartelen truke jostailuak trukatzeaz gain, elementu naturalez baliatuz, tailer bat eskainiko dute.

Gaur egungo egoera kontuan izanik, azpimarratu dute, egitasmoa moldatu eta segurtasun neurriak betetzen ahaleginduko direla une oro. "Jostailuak desinfektatuko ditugu azoka egunean garbi egon daitezen. Hau horrela izanik, azoka egunean, ez dugu jostailurik jasoko, hau da, aurrez txartelak dituztenak bakarrik izango dute aukera jostailuak jasotzeko".

Segurtasun neurriei erreparatuta, 6 urtetik gorako parte-hartzaileek, une oro musukoa jarrita izan beharko dutela ohartarazi dute. "Segurtasun tartea zaintzen ahaleginduko gara. Hidrogela izango dugu jostailu bilketa guneetan  eta baita azokan ere, guztiek eskuak garbitu ahal izateko".

Azkenik, taldekatzeak, trukea egitean eta tailerrean, kontuan izango dituzte eta momentuan dagoen araudia beteko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak