Arizmendiarrieta Fundazioak egitarau mardula antolatu du azaroan

Hasier Larrea 2020ko aza. 6a, 13:27

Jose Mari Arizmendiarrieta

Mahai inguruak, ponentzia telematikoak eta sariak aurkeztuko dituzte. Goiena Telebistak Arizmendiarrietari buruzko dokumental euskaratua emitituko du hilaren 26an.

Azaroaren 29an Jose Mari Arizmendiarrietaren heriotzaren 44. urteurrena beteko dela eta, azaro osoan ekimen ugari aterako ditu aurrera Arizmendiarrieta Fundazioak.Urri amaierarako, XXI. menderako Arizmendiarrietak zituen ideien inguruko liburua idatzi zuten Fundazioko kideek, bertsio kooperatibo eta elizkoian. Lan hori argitaratua izateko prest baldin badago ere, gizarte-egoerak hobera egiteko itxarongo dute publikoari aurkezteko.

Hil honetan egingo dituzten ekimenak honako hauek izango dira: Arizmendiarrieta Sarien banaketa, enpresen modelo inklusibo eta parte-hartzaileen inguruko ponentzia telematikoa eta meza bereziak. Arrasateko San Juan parrokian izango da Arizmendiarrietaren omenezko meza horietako bat, azaroaren 22an, 12:00etan hasita.

Dokumentala Goiena telebistan

Arizmendiarrietaren bizitza eta ideiei buruzko ikus-entzunezko bat emitituko du Goiena telebistak hilaren 26an: 'Arizmendiarrieta, gizon kooperatiboa".  Ostean, Arrasateko kooperatiben sortzailea hizpide izango duen mahai ingurua egingo dute Arizmendiarrieta bera ezagutu zuten eta kooperatibismoaren munduan murgilduta dauden zenbait pertsona esanguratsuk Goienako platoan.

Gazteleraz argitaratu zuten dokumental originala, eta euskarara eta ingelesera bikoiztu dute orain. "EITBrekin eta Goienarekin jarri ginen harremanetan, euskarazko dokumentala bi hedabideetan emititzeko ideiarekin", adierazi du Angel Mari Garciak, Arizmendiarrieta Fundazioko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak