Eskuin muturrari bizkarra eman eta inbertsio publikoen alde mobilizatzera deitu du Sortuk

Eneko Azurmendi 2020ko aza. 5a, 09:52

Sortuk eginiko mobilizazio bat, Monterron parkean.

Lehenik herria! lelopean, elkarretaratzea egingo dute zapatuan, azaroak 7, Arrasateko Herriko Plazan, 19:00etan. "Arrasateko Sortutik gogor salatzen dugu eskuin muturrak krisi sanitario, ekonomiko eta sozial hau baliatu nahi izatea bere agenda erreakzionarioa indartzeko, diskurtso ustez anti-autoritario eta inkonformistaz mozorrotuta".

Aurreko zapatukoa bezalako deialdia zabalduz, azaldu dute, "eskuin muturra antolatu gabe dagoen herri batean", egoerak eragindako "ezinegon eta frustrazioak" beraien interesen alde erabili nahi izan dituztela. "Deialdi hauekin, sistemaren aurkako estetikaren atzean, sistema kapitalista patriarkala indartzea dute xede. Ezin aipatu gabe utzi momentu horietan kalean zeuden herritarren aurka indar polizialek erakutsitako jarrera oldarkorra".

Aldi berean, "gogor" salatu dute "egoera honetara iritsi izanaren arduradun nagusia afera honen guztiaren kudeaketa negargarria egin duen eta egiten ari den administrazioen arduradun politikoak direla".

Horrez gain, Euskal Herria osasun larrialdi egoeran dagoela azpimarratu dute eta errua ez dela jendearena, "arduragabekeria" gobernuena dela. "Azken hamarkadetan interes eta negozio pribatuak lehenetsi dituzte; ez dituzte egin beharreko inbertsio publikoak egin eta deseskalatzea behar baino azkarrago egin zen".

"Osasunik gabe ez dago suspertze ekonomikorik"

Hori aintzat hartuta, elkarretaratzea deitu dute zapaturako. "Berriz ere gure sen onena piztu, interes indibidualen gainetik, interes kolektiboen alde dena eman, elkar zaindu eta mobilizatzeko garaia da: batetik, inbertsio publikoen alde pandemiari aurre egiteko plana ez baitaiteke soilik neurri murriztaileetan oinarritu, sektore zaurgarriei laguntza bermatu behar zaie (osasuna, hezkuntza, ostalaritza, komertzioak, kultura, …). Bestetik, burujabetzaren zein sakoneko eraldaketa sozial eta ekonomikoaren alde", nabarmendu dute.  "Arrasatearrei dei egiten diegu kontzentrazioan parte hartzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak