Bertan behera utzi dute Arrasateko osoko bilkura telematikoa

Eneko Azurmendi 2020ko aza. 3a, 19:18

Arrasateko osoko bilkura modu telematikoan egitekoak ziren gaur, lehen aldiz, baina oposizioak, EH Bildu zein Elkarrekin Arrasate Udal taldeek, bertan behera uzteko eskatu dute, baldintzak ezegokiak zirela argudiatuta. Azkenean, hala erabaki du Maria Ubarretxena alkateak, eta eguenean 18:00etan egingo dute.

Hiru ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi dute saioa, eta hasi eta berehala, Maider Morras EH Bilduko bozeramaileak hartu du hitza: "Osoko bilkura hau bertan behera uztea eskatzen dugu, herritarren aurrean ematen ari garen irudia lotsagarria da".

Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarrek ere hala berretsi du. "Baldintza hauetan ezin dugu osoko bilkura egin. Ez dakigu gure eskubide guztiak bermatzen diren, eta guk ere bertan behera uzteko eskatzen dugu", gaineratu du.

Maria Ubarretxena alkateak eta Anuska Ezkurra Udal Gobernuaren bozeramaileak onartu dute, lehen aldia izanik, arazoak egotea normala dela, eta osasun egoera zein den kontuan hartuta, prestutasuna eskatu diete oposizioko kideei. Hala ere, azkenean ez dute bilkurarekin jarraitu, eta bertan behera uztea erabaki dute. Modu horretan, eta barne araudiak jasotzen duenez, eguenean 18:00etan egingo dute azaroko osoko bilkura. "Ordurako ordenagailu guztiak ondo prestatuta izango ditugu, bakoitza bere kamerarekin, bere mikrofonoarekin eta bere aurikularrekin, arazo barik egin ahal izateko", azpimarratu du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak