Adrian Merino: "Gipuzkoa denon joko-zelaia izateko egingo dugu lan"

Hasier Larrea 2020ko aza. 2a, 19:35

Gipuzkoa Futbol Federazioa zuzentzeko lehian, aretxabaletarra buru duen Gipuzkoa: denon joko-zelaia hautagaitzak gaur aurkeztu du burua, Miramon Jauregian egindako aurkezpenean. 

Adrian Merino hautagaiaren hitzetan, "talde gaztea da gurea, baina esperientzia zabalekoa”. Eta gaineratzen du esperientzia horri ikuspegi berritzaile eta integratzaile batetik begiratu behar diogula, izan ere, beren hautagaitza ekintzailea, berritzailea eta freskoa dela "bai eragiteko esparruetan, baita egiteko moduetan ere", zehaztu du.

Bere hautagaitzak kiroltasunaren balioei ematen die garrantzia eta programan horiek islatzen direla azaldu du Merinok: "hezkuntza, osasuna, kirolaren praktika, berdintasuna, inklusioa, eredu kolaboratiboa, gertutasuna, gardentasuna, euskara, formakuntza... esaterako".

Aipatutako ardatz horien artean, garrantzitsuena, hezkuntza dela azaldu du Ainhoa Alonso taldekideak. Honela esan du, hitzez hitz: "Guretzat garrantzitsuena horixe da, futbolariak ez ezik, pertsonak heztea. Pertsona parte hartzaile, aktibo, kritiko, kolaboratibo, erronkazale, eleanitzak... izatea nahi dugu. Baina horretarako, ezinbestekoa da formakuntzan fokua jartzea".

Hortaz, prestakuntza sustatuko dutela gaineratu du, online bidez eta neurrira eginda. Kirola osasuna dela gaineratu du. Eta, horregatik, kirolaren praktika sustatuko dutela: "Egungo eredua garatuko dugu, klub guztiek euren eskolak izan ditzaten eta baldintza berberetan lehiatu ahal izan daitezen". Gainera, "mutualistari arreta emateko eredua hobetuko" dutela azaldu du.

Ainhoa Alonsok azaldu du, beraientzat, futbol zelaian ez dagoela desberdintasunik. "Izan emakume edo gizon, arraza bateko edo besteko, maila ekonomiko desberdinekoak... futbol zelaian denen joko-zelaia izatea nahi dugu, denek jokatzeko aukera izango duten, baldintza egokietan". Horretarako, beken programa zabalduko dutela azaldu du, premia bereziak dituztenei laguntzeko. Eta, horrez gain, beren esku dagoen guztia egingo dutela emakumeen erabateko berdintasuna lortzeko.

Eredu kolaboratiboa

Egiteko moduetan ere eragingo dutela azaldu dute. Nerea Uriarte taldekideak azaldu duenez "dena emango dugu Gipuzkoa egituratzeko, klubek arrakastaz ezartzen dituzten eta esportatu eta partekatu behar diren programak zabalduz Federaziotik". Kluben arteko saretzea ere aipatu du, elkarlana eta kolaborazioa. COVID-19 egoera, esaterako, bidea "indarrak batzea" dela azpimarratu du Uriartek.

Batzordeetan lan egingo dutela ere gaineratu du. Ondorengo batzordeak sortuko dituzte: Lurralde, Auditoretza eta Gardentasun Batzordeak. "Gainera, aholkularitza juridikorako zerbitzu bat ezarriko dugu, klub guztiei laguntza emateko kontabilitatean, dirulaguntzekin, kontratuekin, lege aldaketekin... praktika onen kodeak eta dokumentu ereduak sortuz". Lan egiteko moduak eraginkorragoak izateko teknologia berriak erabiliko dituztela gehitu du.

Lan taldea

Denon joko-zelaia hautagaitzako lan taldea ondorengo kideek osatzen dute:

  1. Adrian Merino. Aretxabaleta. Pertsonen Kudeaketa zuzendaria. UDAko Presidente ohia eta zuzendaritzako kidea.
  2. Ainhoa Alonso. Eibar. Kalitate ingeniaria. Eibarko Fundazioko kidea eta jokalari ohia.
  3. Ramon Azkarate. Arrasate. Produkzio zuzendaria. Mondragon CFko Presidente ohia eta zuzendaritzako kidea.
  4. Nerea Uriarte. Oñati. Ingeniari biomedikoa. Aloña Mendiko nesken futboleko koordinatzailea.
  5. Jose Luis Colina. Donostia. Epaile ohia eta Epaileen Batzarreko kide ohia.
  6. Amaia Zalakain. Hondarribia. Ogasuneko Errenta eta Ondare atalburua. Hondarribiko zuzendari ohia.
  7. Alvaro Erviti. Donostia. Abokatua. Lehiaketa Batzordeko kide ohia.
  8. Maite Redondo. Orio. Emakumezkoen Batzordeko buru ohia.
  9. Gonzalo Gabarain. Donostia. Zuzendari komertziala. Deustuko jokalari ohia.
  10. Agurtzane Elkoro. Aretxabaleta. Estrategia eta Planifikazio burua. UDAko Presidentea.
  11. Angel Ferrera. San Pedro. Gizarte hezitzailea. Berioko jokalari ohia.
  12. Iosu Mujika. Getaria. Informatikoa. Getariako KETAko koordinatzailea.
  13.  Iñaki Martinez Pagalday. Irun. Abokatua.
  14. Enrique Sánchez. Informatikoa. Pasaia KEko idazkaria.
  15. Koldo Fernandez. Oiartzun. Oiartzun KEko Presidentea.
  16. Agustin Aranzabal. Bergara. Realeko jokalari ohia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak