Arrasateko Bilgune Feminista sortu dute

Eneko Azurmendi 2020ko aza. 2a, 14:13

Argazkia: Arrasateko Bilgune Feminista.

Emakume abertzaleen topagune izateko asmoarekin sortu dute bilgunea, herriko hainbat emakumek. "Aspalditik geneukan gogoa feminismoaren testuinguruan gure espazio propioa izateko; gure indarrak saretu, eta eguneroko ekintzak kolektibizatzeko", diote. Era berean, abenduan egingo duten Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Feministetara batzeko deia egin dute.

Arrasateko Bilgune Feministaren sortzaileek azaldu dute "aspalditik" zeukatela gogoa feminismoaren testuinguruan espazio propioa izateko, "gure indarrak saretu, eta eguneroko ekintzak kolektibizatzeko. Era berean, azken hamarkadetan eraikitako militantzia eredua eraldatzeko beharra ere sentitzen zutela aitortu dute.

Topaketa feministetarako deia egin dute

Herriko bilgunearen sorreraren berri emateaz gain, abenduaren 12an Oreretan egingo duten Emakume Abertzalen VIII. Topaketa Feministetara batzeko deia egin dute. Gaurtik azaroaren 22ra arte egongo da izena emateko aukera, Euskal Herriko Bilgune Feministaren webgunean. "Topaketa hauetan bi ildo nagusi jorratuko dira: batetik, harreman kolonialen begirada gaurkotu bat euskal feminismotik, eta, bestetik, post-COVID-19ak utziko duen testuingurua".

Lehenengoari dagokionez, azaldu dutenez, harreman kolonialak barne zein kanpo ikuspuntutik aztertuko dituzte. "Lurralde honetatik beste herri batzuekiko bultzatutako kanpo kolonizazio prozesuak zein Euskal Herrian garatutako barne kolonizazio prozesuetan eragiten duten mekanismoak".

Bigarrenaren kasuan, ordea, pandemiaren osteko testuingurua aztertuko dute, "bizitzaren esanahi batzuk ulertzeko sakoneko aldaketak" ekarriko baititu. "Hau da, paradigma honek aukera berriak sortuko dituen arren, arriskuak ere baditu, eta izango ditu: krisi egoera honek nabarmenki areagotuko ditu sistema neoliberal, heteropatriarkal, klasista, arrazista eta kolonialak eragiten dituen arrakala sozialak eta burujabetzaren galerak".

2002an sortu zen nazio mailako bilgunea

Euskal Herriko Bilgune Feminista 2002an sortutako nazio mailako erakunde feminista eta abertzalea da, zapalkuntza hirukoitzaren aitortzatik abiatuta errealitatea aztertzen duena. "Zapalkuntza hirukoitza diogunean, klase-zapalkuntzaz, sexu-genero-zapalkuntzaz eta nazio- eta kultura-zapalkuntzaz ari gara. Beraz, askotariko zapalkuntza horien elkarreraginean eta intersekzionalitatean jarduten dugu, Euskal Herri burujabe eta feminista lortzeko helburuarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak