Hasi dira bibotea txukuntzen

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 30a, 19:05

Mondravemberreko kide bat, King`s ile-apaindegian, bizarra mozten.

Prostatako minbiziaren ikerketarako dirua batzeko eta gaixotasunari ikusgarritasuna emateko hilabetea izango da aurten ere azaroa, eta Mondravember taldeko kideak dagoeneko hasi dira bigotea uzten eta txukuntzen. Hitzaldiak eta beste hainbat ekintza egingo dituzte helburua lortzeko.

Mondravember taldekoak hasi dira motorrak berotzen dagoeneko. "Iaz hasi ginen King’s ile-apaindegian eta aurten ere laguntzeko prest azaldu direnez, hemen egin dugu. Gaur, lau pertsonen lana ez digute kobratu eta hilabete osoan bizarra txukuntzera edota moztera etortzen diren guztien dirua ere ikerketara bideratzen dute. Horrez gain, itsulapiko bat utziko dugu azaro bukaerara arte, bezeroek haien ekarpenak egin ditzaten", azaldu du Iban Arroiabe Mondravemberreko kideak.

Azaroan, normalean, askotariko ekintzak egiten dituzte, baina aurten, ekintzak mugatu behar izan dituzte. Hala ere, ez dira geldi egongo. "Azaroan zehar, Arkaitz Carracedo CIC Bioguneko ikerlariak minbiziari buruzko hainbat hitzaldi egingo ditu. Oraindik datak zehaztu barik ditugun arren, Mondragon Unibertsitatean egingo du bat eta Arizmendi Ikastolan beste bat", dio Arroiabek. "MovemBer Garakoek, Miguel Altunan ere egingo dute hitzaldia, seguruenik".

Horrez gain, Ibai-Artekoekin elkarlanean ariko dira aurten, eta bibote batzuk prestatu dituzte. "Hala, komertzioetako erakusleihoetan jarriko ditugu bibote horiek, gure logoarekin batera".

Bestalde, azaroko lau asteburuetan, Seber Altube plazan eta Arbolapetan estand bat jarriko dugu, kamisetak, jertseak eta musukoak saltzeko, zozketarako txartelez gain –zehazteke daukate egubakoitzetan edo zapatuetan–.

Mondravember taldeko hainbat kide, gaur, King´s ile-apaindegian.

Minbiziari ikusgarritasuna ematea da helburua

Helburua, batez ere, minbiziari ikusgarritasuna ematea eta herritarrak kontzientzia da. "Izan ere, diru asko batzen dugun arren, ikerketarako ez da hainbeste", adierazi du Arroiabek. Iaz, esaterako, 4.000 euro batu zituzten. 

Mondravember taldeak bost urte daramatza azaroko ekitaldi hauek prestatzen. "Lehena sei lagunek egin genuen, eta ordutik herri mailan zabalduta gaude". Hala, edozein ekarpen edo eskakizun egiteko edota harremanetarako, Facebook sare sozialean orria daukate, Mondravember izenarekin eta baita helbide elektronikoa ere: mondravember@gmail.com.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak