32. Jokin Zaitegi sariketa abian da

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko urr. 29a, 19:24

Louise-Gluck poeta estatubatuarra. Argazkia: Elkar argitaletxea.

AED elkarteak, Elkar argitaletxearekin lankidetzan eta Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, antolatzen duen aurtengo Jokin Zaitegi sariketan parte hartzeko epea zabalik dago.

Suediako Akademiak Louise Glück poeta estatubatuarrari eman dio aurten Literatura arloko Nobel Saria, eta idazle horren The Wild Iris poema-liburua itzuli beharko du Arrasateko kulturgile eta itzultzailea gogora ekarri eta omendu gura duen sariketako aurtengo irabazleak.

Abenduaren 20a, parte hartzeko azken eguna

Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako lagina euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin sinatua; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea 2020ko abenduaren 20ko gauerdian amaituko da.

Irabazleak 1.500 euroko saria irabaziko du The Wild Iris itzultzeko; diruren erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia amaitutako  lana entregatu ostean. Egileak 2021eko irailaren 31 baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean amaitutako lana. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz –epaimahaiaren iritziz betiere–, sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

2021eko Durangoko Azokan saltzeko asmoz

Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko du Louise Glück-en lana euskaraz, eta 2021eko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.

Sariketaren gaineko informazio gehiago eta itzuli beharreko lagina hemen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak