'Hartz' bikote batek familia eta maitasuna jarriko ditu kolokan

Hasier Larrea 2020ko urr. 30a, 12:00

'¡Ave, osos!' antzezlaneko momentu bat.

¡Ave, osos! antzerki obra interpretatuko du El Mono Habitado konpainiak domeka honetan Amaia antzokian, 19:30ean hasita.

40 urteko adina duen bikote batek hitz egiten duen uso baten bisita jasotzen du, zeinek esaten dien mesias berri bat helduko dela mundura eta eurak izango direla haren gurasoak. Modu bitxi horrekin hasten da gizarte eredu berri bat eztabaidatzea helburu duen antzerki obra, non maitasun eta familia moldeak une oro jartzen diren zalantzan.

El Mono Habitado konpainiako Raul Camino autore eta antzezlearen iritziz, "halako obra gay bat plazaratzea ezinezkoa izango litzateke duela 20 urte; beraz, badauka transgresio puntu bat". Lau protagonista arduratzen dira ikuslea komedia ero eta dibertigarri horretan murgiltzeaz: aitatasuna asumitzen duen gizona, profezien bitartez irteerak aurkitu nahi dituen bikotekidea, egoera kontrolpean eduki nahi duen apaiza eta gurasoei laguntza eskaintzen dien bizilaguna. Guztien artean gizartean errepresentazio murritza daukaten kolektiboengana hurbiltzeko saiakera egiten dute obran zehar.

Lehen aldiz sala handi batean

¡Ave, osos! obrak ibilbide polita egin behar zuen aurten inguruko antzerki zirkuituetan barrena, baina, emanaldi gehienak atzeratuta, lau aldiz baino ez da taularatu, oraingoz. Etzikoa areto handi batean aurkeztuko den lehen aldia izango da, beraz. Aurretik, beste hamabi emanaldi dauzka El Mono Habitado konpainiak, eta hurrengoa Basaurin eskainiko dute.

Kultura segurua dela aintzat hartuta, domekan barre egin eta hausnartzeko aukera izango da, 19:30ean hasita. Gazteleraz interpretatuko da ikuskizuna eta sarrerak 10 euro balioko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak