Oroitzapen ekitaldia azaroaren 3an, Maite Urzainen eskutik

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 28a, 18:30
Maite Urzain, San Felipe Elkarlaguntzako kidea eta doluan aditua.

San Felipe Elkarlaguntzako bazkide talde batek "modu boluntarioan" antolatuta, In Memorian izeneko saioa egingo dute azaroaren 3an, Kulturateko areto nagusian, 18:30ean. "Itzaletan gelditu diren oroitzapenak argi eremura ekarri nahi ditugu".

Saioaren helburua garbia da: "Bizi izan dugun hutsune horiei hitzak jartzea, gure barruan gertatzen ari dena ulertzea, sentitzen ditugun emozio eta sentsazioekin bizitzen ikastea. Azken hau da batzuetan gehien kostatzen zaiguna. Azkenik, gure burua bizitzarekin lotzea", adierazi du saioa gidatuko duen Maite Urzain doluan adituak. "Alde batetik, hil diren pertsonei merezi duten espazioa eta aitortza eman nahi diegu ekitaldian eta bestetik, hilabete hauetan babesa eta sostengua eman duten horien garrantzia azpimarratu nahi dugu", gaineratu du.

Topaguneari jarraipena emanaz

Otsailean hasi zituzten hitzaldi ziklo baten baitako saioa izango da martitzenekoa. "Hitzaldi terapeutiko batzuk egiten hasi ginen otsailean, Gertuko senidea edo laguna galdu dutenen topagunea izenarekin, baina bakarra egin ahal izan genuen. Dolua modu komunitario eta natural bezala sustatzea gura genuen, bai Arrasaten eta baita bailara mailan ere. Beraz, intentzioa zen, hilean behin saio bat egitea, gertuko senidea galdu dutenen topagune modura", dio Urzainek.

San Felipen bertan egin zuten lehenengo saioa "oso ondo joan" zen, eta "oso intimoa" izan zen. "Izan ere, ez dugu nahi maite izan ditugun senide edo lagunekiko sentimenduak desagertzea, baizik eta sentimendu horiek une partekatuen oroitzapenarekin bizitzen jarraitzea".

Urzainek dioenez, martxoan, apirilean eta pandemiaren hasieran, batez ere, pertsona batzuei bakarrik hiltzea tokatu zitzaien. "Beste batzuk agur errito barik agurtu genituen eta, orokorrean, ezohikoak diren isolamendu eda bakardade momentuak bizi izan ditugu. Azaroaren 1aren bueltan, bestalde, egongo dira familia batzuk badaukatenak nora joan edo sentimenduak adierazteko moduren bat daukatenak, baina beste batzuek ez daukate bere dolua non partekatu. Beraz, horiei bide eman gura diegu".

Izena emateko aukera dago

Interesa daukanak, 943 77 30 22 telefonora deituta edo funeraria@sanfelipe.eus helbidera idatzita eman dezake izena. "Komeni da esatea zenbat pertsona joango diren, ondo antolatu ahal izateko. Jende gehiegi egongo balitz, saioa errepikatuko genuke beste egun batean. Beldurragatik edo kezkagatik etorriko ez diren horiei, bestalde, esan gura diet lasai egon daitezela, aurrerago ere edukiko ditugula aukerak hain inportantea den gai honi heltzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak