Arrasateko hilerriak 275 pertsonako edukiera izango du Domu Santu egunean

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 28a, 12:29

Udalak jakinarazi duenez, hilerrirako sarbideak edukiera mugatua izango du domekan, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako araudi berriak ezarritakoaren arabera. "Edukiera kontrolatzeak eragina izango du hilerrian, oro har, eta instalazio bakoitzean". Era berean, garraio publiko berezia egongo da hilerriraino.

Domu Santu Egunean, 275 pertsonako edukiera izango du Arrasateko hilerriak eta klaustro bakoitzean, aldiz, 75 pertsona egon ahal izango dira gehienez. Nitxoen gunean, bestalde, 120 pertsonakoa izango da edukiera eta hezurtegian, familia bakarra –bost pertsona gehienez–.

Modu berean, garraio publiko berezia egongo da hilerriraino, 10:00etatik aurrera, urriaren 31n orduro eta azaroaren 1ean ordu erdiro.

Mugikortasun pribatuari dagokionez, Udaltzaingoak ezarritako neurrien arabera, ezingo da hilerriko sarreran aparkatu, eta ibilgailu partikularrek J.L. Iñarratik igo eta Meatzerrekatik jaitsi beharko dute, Udalak ohartarazi duenez.

Ekintzarik ez domekan

Elizak adierazi du ez dela egingo Santu Guztien Egunean hilerrian egin ohi zen ekintza. "Arau-mugak eta COVID-19ren aurrean Udalak eta Arrasateko Parrokoak gaia aztertu ondoren" hartu dute erabakia.

Arrasateko Udalak "erantzukizunez" jokatzeko eta segurtasun-neurri guztiak betetzeko deia egin die herritarrei: "musukoa nahitaez erabili behar da; gehienez sei pertsonako bilkurak; bizikideak izan ezik; gutxienez 1,5 metroko distantzia pertsonen artean; ordutegi-mugak; segurtasun-neurri orokorrak eta abar". Horrez gain, hilerrira bisitak Domu Santu egun aurreko edo ondorengo egunetan egitea aholkatu du Udalak, "jende pilaketak saihesteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak