Asteburu osoko egitaraua, herrigintzari eta kulturari "arnasa" emateko

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 28a, 09:37

Rebel Noise taldeak eskainiko du kontzertua gaztetxean, besteak beste.

Urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 1ean, askotariko ekintzak egingo dituzte Arrasateko gaztetxean, Herrixa Bizirik! egitarauaren baitan. "Arrasateko herrigintzari eta bailarako musikariei arnasgune bat eskaini nahi izan diegu egitarau honen bitartez", nabarmendu dute antolatzaileek. 

Arrasateko Txosna Batzordea, Arrasateko gaztetxea eta Arrasateko Euskaraldia dira egitarauaren antolatzaileak. "Lanean ibili garela genioen duela pare bat aste sare sozialen bitartez, eta gaur lan horren fruitua aurkeztera gatozkizue. Urriaren 30, 31 eta azaroaren 1 hartzen dituen asteburu honetarako hainbat ekintza antolatu ditugu. Asteburu zinez berezia da honako hau, gainera, Gaba Baltza ere urriaren 31n ospatzen baita", adierazi dute.

Azken hilabeteak "denontzat zailak" izan direla azpimarratu dute, "baita Arrasateko herri mugimenduarentzat eta herriko zein bailarako talde eta kulturgileentzat ere". Aldi berean, diote gaur egungo egoerak ere "mesede gutxi" egingo diola inori datozen hiletan. "Horregatik, Arrasateko herrigintzari eta bailarako musikariei arnasgune bat eskaini nahi izan diegu egitarau honen bitartez; herrigintzako eragileak eta talde-txikiak bizirik irtengo badira, herri-mailako erantzun kolektibo autogestionatuei esker izango da eta".

Azken ostiraleko bilkura, plazan

"Bestalde, asteburu honetan ere gurekin egon ezin direnak gogoan izango ditugu eta arrasatear oro hileko azken ostiralero egiten den bilkurara gonbidatu nahi genuke", azaldu dute. Hilero legez, egubakoitzean 19:30ean egingo dute bilkura, Herriko Plazan, baina oraingo hau "berezia" izango da. "Bilkura ibiltaria izango baita, herriko kale eta plazetan zehar joango dena. Eta, noski, gu ere bertan izango gara euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea aldarrikatzen. Ez gaude denok!".

Askotariko ekintzak gaztetxean

Egubakoitzetik bertatik hasita, halaber, kontzertu ezberdinez gozatzeko aukera izango da gaztetxean, herriko eta inguruko musikariekin: Indai, Hekatombe, Rebel Noise, Txerrikumeak, Leire Etxezarreta eta Aitor eta Pello. 

Bestetik, Historia ikuspegi energetikotik hitzaldia egingo du Aimar Uribesalgo Oñatiko Natur Eskolako hezitzaileak. 

Bingo musikatua ere egongo da, eta asteburu osoan zehar kalabazaren lehiaketa egingo dute. "Kalabazaren pisua asmatu beharko dute parte-hartzaileek, eta domekan jakinaraziko dugu zenbat pisatzen duen eta, ondorioz, zeinek irabaziko duen".

Materiala eta izen-ematea

Asteburu osoko ekintzez gain, Euskaraldian izena emateko aukera ere egongo da gaztetxean zapatu arratsaldean. "Ea horrela Arrasate ere euskararen arnasgune bilakatzea lortzen dugun denon artean". Bestalde, herriko eragile ezberdinen materiala ere salgai izango dituzte. "Herri mugimenduak horren beharrezko duen sostengua lortzea izango da helburua, eta, beraz, herritarrak animatu nahi ditugu euren aletxoa jar dezaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak