Atletismoan izena emateko deialdiak irekita jarraitzen du

Hasier Larrea 2020ko urr. 26a, 12:04

Arrasateko klubak 8 eta 16 urte bitarteko gazteen harrobia handitu nahi du; momentuz, 80 apuntatu dira.

Urtero zabaltzen dizkie ateak Arrasate Atletiko Taldeak atletismoko diziplinetan iniziatu nahi duten gaztetxoei, denboraldia hastearekin batera. Aurten, 80 neska-mutilek eman dute izena, oraingoz, baina, Jon Ormaetxea komunikazio arduradunak esan duenez, "deialdiak irekita jarraitzen du Arrasateatletiko.com webgunean".

Normalean mutil baino neska gehiago apuntatzen direla nabarmendu du Ormaetxeak, nahiz eta 16 urte betetzean balantzaren orekak beste aldera jotzen duen. "Gustatuko litzaiguke adin horretara heltzen diren neskek gurekin entrenatzen eta lehiatzen jarraitzea; horretan saiatzen gara", adierazi du.

Benjamin eta alebin mailetako kirolzaleek era guztietako modalitateak probatzen dituzte hasieran, norberak gustukoen duen diziplina aukeratzeko. 12 urtetik aurrerako gazteek, aldiz, lan-saio espezifikoak egiten dituzte, eta lehiaketetarako prestatzen dira. "2021era begira infantil mailako taldea osatu nahi dugu, Gipuzkoako txapelketetan parte hartu ahal izateko", aipatu du Ormaetxeak.

Proba gehienak, geldi

Martxoan eskolarrak eta Federazioko lehiaketak bertan behera gelditu zirenetik ez da bakar bat ere antolatzeko aukerarik izan. Baliteke 2020a amaitu aurretik markak hobetzeko probaren bat egitea, baina zaila ikuste du Arrasate Atletiko Taldeak. Malen Ruiz de Azua, Eneko Carrascal eta Iñigo Uribarren dira salbuespenak, Espainiako txapelketan lehiatzeko aukera baitaukate atleta arrasatearrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak