Urtero egiten du Glu Glu antzerki konpainiak ipuin klasiko baten moldaketa musikatua. Aurten, Charles Perrault idazlearen Botadun katua ipuina aukeratu dute konpainiako arduradunek oholtzara eramateko.
Joan den zapatuan estreinatu zen obra, Zornotzako aretoan, eta hauxe dio Ugaitz Alegria zuzendariak: "Hasieran, emanaldi bakarra eman behar genuen, baina, sarrerak agortu zirenez, emanaldi bikoitza eskaini genuen, azkenean".
Esan gabe doa ikus-entzule bizkaitarrek gogo onez hartu zutela antzezlana, "nahiz eta aurrean oso publiko zorrotza izan", aipatu du Alegriak, honakoa gehituta: "Umeei zerbait gustatzen ez bazaie, esan egiten dizute, edo alde egiten dute, bestela". Zuzendariak argitu du familia osoarentzako antzerkia dela Botadun katua.
Irakaspena ezkutatzen duen lana aurkituko du bihar Amaia antzokira gerturatzen denak. "Ezina ekinez egina, hori da bukaeran obrak zabaldu nahi duen mezua", borobildu du.