Bibliotekaren urriko azkena, Mursegorekin

Hasier Larrea 2020ko urr. 22a, 18:51
Mursego kontzertuan.

Sortzaile eibartarrak borobilduko du Udal Bibliotekak urrian zehar programatu duen egitarau mardula, 'LAPUR(ari)KETAK' izeneko emanaldi musikatuarekin. Abesti ezagunen eta ez hain ezagunen bertsioak joko ditu Kulturaten, hilaren 30ean

"Ezer ez da originala; artistok kanpo-erreferentzietan oinarritzen gara gure lan propioa sortzeko". Hausnarketa hori baliatzen du Maite Arroitajauregi Mursego-k LAPUR(ari)KETAK ikuskizuna ontzeko. Formatu berezia dauka Udako Euskal Unibertsitateko ikastaro batzuetan aurkezteko enkargatu zioten lanak. Harkaitz Canoren gidaritzapean, Literatura mutanteak titulua zeraman programa hark, eta, hain justu, hasierako ideiaren inguruan egituratzen zen: nola sortzaileek beste egile batzuen poemak, pelikuletako eszenak edo herri kantu zaharrak "lapurtzen" dituzten euren sorkuntza artistikoa elikatzeko, izan idazle, musikari, zinegile edo marrazkilari.

Lapurreta artistikoaren gaiak interes handia pizten diola onartu du Mursegok. "Egiten duzuna egiten duzula, damutu zaitezke, baina lapurtu zenuen horretaz ez zara damutuko", dio berak. Erruki sentipenik gabe hartu ditu maileguan beste artista batzuek egindako lanak, bere ukitu pertsonala ezohiko eszenaratze baten bitartez gehitzeko: "Lehenbizi, lapurtzen dudan pieza originala jartzen dut bideoan, eta gero, nik landu dudan bertsioa jotzen dut".

Mursego ezagutzen duenak jakin badaki ez dela kontzertu arrunt batera gerturatuko, instrumentuez aparte, zenbait momentutan gorputzaren adierazmenarekin ere jolasten duelako Arroitajauregik. Performance hitza gogoko ez duen arren, diziplina artistiko horretatik hurbil dauden espresioak erabiltzen dituela ez du ukatzen.

Iturri askotatik edaten duen artista izanda, era guztietako interpretazioak eroango ditu Kulturatera Mursegok. Paul Newton-en kanta bat, Gloria Fuertesen poema bat, Laboaren 'Komunikazio-Inkomunikazio' lan esperimentalaren bertsioa, 'El Sol del membrillo' filmeko eszena bat, 'Si tú eres mi hombre' eta 'Zure begiak' abestien arteko fusioa, 'Jota Martina' trap taldeak Camaron-i egiten dion bertsio baten bertsioa, erromantze asturiar baten moldaketa... Kolore askotariko errepertorioa dastatu ahal izango da datorren ostiralean Kulturaten, 19:00etan hasita.

Bibliotekaren Egunari agur

Egun hori urriaren 24an ospatuko bada ere, hil osoko egitaraua eskaini du Udal Bibliotekak, adin eta gustu askotariko irakurle eta kultura-zaleengan pentsatuz. Arduradunek "aukera erakargarriak" ekarri nahi izan dituzte; ziur bat baino gehiago harrapatu dutela sarean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak