Grupo San Juaneko arkua mantentzeko konpromisoa

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 22a, 09:01

Martitzenean batu ziren Grupo San Juaneko bizilagunak eta Udaleko ordezkariak, eta bizilagunek azaldu dutenez, Maria Ubarretxena alkateak hainbat konpromiso hartu zituen, tartean, arkuari dagokion proiektuaren zatia berriz idaztea, hura mantenduz.

Maria Ubarretxena alkateaz gain, Ibon Arrupe Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasun Batzordeburua eta Juan Antonio Urdangarin Hirigintzako teknikari arduraduna ere egon ziren martitzeneko bileran. Alkateak hartu zituen beste konpromiso batzuk ere zehaztu dituzte bizilagunek: "auzorako proiektu berria idazterako orduan, Grupo San Juanen saneamendu berri bat txertatzeko konpromisoa hartu du. Bestalde, argitu gura izan digu haien intentzioa ez dela Grupo San Juan proiektutik kanpo geratzea, baina proiektua berriz idatzi behar izateak epeak luzatu egin ditzakeela, agian hiru urtera arte. Azkenik, azaldu digute bizilagunon ekarpenak kontutan hartuko dituztela proiektuaren behin betiko idazketa egiterako orduan. Azpimarratu zuten proiektu berrian ez zutela ezer egingo bizilagunon oniritzirik gabe", nabarmendu dute.

Gehiengoa, eraistearen kontra

Esan behar da San Juan taldeko bizilagunek sinadura bilketa bat abiatu zutela, Ekobulebar proiektuari buruzko iritzia azaleratzeko. Hiru puntu zituen adierazpenak: "Batetik, ez gaude ados Alfonso X.a Jakituna eta Garibay etorbidea komunikatzen dituen arkua eta terrazak eraistearekin. Bestetik, San Juan Taldeak saneamendu publikoa izateko eskubidea du, baldintza egokietan. Azkenik, ez dugu bidezkotzat jotzen San Juan Talderako beharrezkoak diren inbertsio publikoak mugagabe atzeratzea, Ekobulebar proiektuarekin %100ean ados egon ezean gertatuko litzatekeela ohartarazi zitzaigun bezala, eta Udalari adierazi nahi diogu San Juan Talderako planteamendu egokia egiten laguntzeko prest gaudela". Bada, bizilagunen eta jabeen %69k babestu zuten idatzia –terrazen jabeen kasuan, %74–.

Udalak datorren astean kaleratuko du gai honi buruzko oharra, batzordean landu ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak