Haizeteak kalte esanguratsuak utzi ditu Arrasaten

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 21a, 13:22

Suhiltzaileak Musakolako kiroldegian lanean. Argazkiak: Arrasateko Udala.

Arrasateko Udalak jakitera eman duenez, Barbara denboralearen ondorioz, Udaltzaingoak eta suhiltzaileek irteera ugari egin behar izan dituzte askotariko ezbeharren ondorioz. Kalte esanguratsuena Musakola kiroldegiko beiratea hautsi izana da. 

Haizeak gogor jo du bart Euskal Herri osoan, baita Arrasaten ere, eta Udalak dioenez, Udaltzaingoak eta suhiltzaileek irteera ugari egin behar izan dituzte: seinale eta zuhaitzen erortzeak, autobus-geltoki eta edukiontzietan kalteak, bestelako ezbeharrak… 

Beiratean haizeak eragindako kalteen ondorioz, Musakolako kiroldegiko igerilekuak itxita egongo dira gaur, urriak 21. "Une honetan Udala aztertzen ari da bertako segurtasun-egoera, beharrezkoak diren neurriak hartu eta ahalik eta lasterren zabaltzeko baldintza egokiekin".

Gehien errepikatu diren ezbeharrak, Udalaren arabera, zuhaitzen, trafiko-seinaleen eta edukiontzien erortzeak izan dira. "Udaltzaingoak eta lorazaintzako langileak lehen ordutik eroritako zuhaitzak kentzen dihardute. Bestetik, udaltzainak kaltetutako trafiko seinaleen zerrenda ari dira egiten ahalik eta lasterren berrezartzeko".

Horrez gain, "ugariak" izan dira haizeak mugitu edo irauli dituen edukiontziak. "Horiek lehengoratzeko lanean dihardu Udalak Debagoienako Mankomunitatearekin elkarlanean. Telefoniaren zutoin ugari ere bota ditu haizeak eta autobus-markesina ugaritan ere kalteak egon dira, esaterako Santa Teresakoan".

Azkenik, Udalak azaldu du "ezbehar oro aztertu, bideratu, konponbidea ezarri eta zerbitzu oro ahalik eta lasterren berrezartzeko lanean" ari dela.

Erlazionatuak

Arrasaten gogor jo du haizeak

Itziar Larrañaga Sarasola 2020 urr 21 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak