Bi solasaldi, "euskalgintzak COVID osteko agertokian" dituen erronkak aztertzeko

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 20a, 18:50

Aiora Mujika, lehen solasaldiko hizlarietako bat. Argazkia: Youtube.

Urriaren 28an egingo dute lehena, eta azaroaren 11n bigarrena, bata zein bestea, 18:30ean, Kulturateko areto nagusian. Ekin Emakumeak, AED eta Txatxilipurdi dira Txertoa.eus izeneko solasaldi zikloa antolatu dutenak, COVID-19 osteko agertokian euskalgintzak dituen erronkak zeintzuk diren aztertzeko helburuarekin.

"COVID-19ak bete-betean gurutzatu du gure bizimodua, gizarteko eremu guztietara ondorioak ekarriz. Euskararen erabilera ez da salbuespena izan eta euskalgintzak aurretik ere atzemanda zituen zenbait erronkari heltzeko urgentzia areagotu egin du. Solasaldi ziklo honetan erronka horietaz ariko gara, begirada etorkizunean jarriz, euskararen erabilera sustatzeko estrategikotzat jotzen diren eremuetan aurrera egiteko irtenbideak arakatu guran", azaldu dute.

Modu horretan, bi dira irtenbide horiek aurkitzeko asmotan antolatu dituzten solasaldiak. Lehena urriaren 28an izango da, eguaztenean, eta IKT eta aisialdi birtuala izango ditu oinarri. Lau hizlari izango dira lehen solasaldi horretan: Elhuyar taldeko Igor Leturia, AZK agentziako Olatz Artola, Game Erauntsia kolektiboko Maitane Junguitu eta Aiora Mujika euskal youtuberra. "Arlo ezberdinetako hizlariak dira eta bakoitzak bere arlotik helduko dio gaiari: euskararen egoera zein den, zeintzuk diren motibazioak, euskara baztertuta geratzeko arriskuak eta abar".

Bigarrena azaroaren 11n izango da, berriz, arlo sozio-ekonomikoa eta hezkuntzan oinarrituko dira, eta hiru hizlari izango dira: Huheziko Eneritz Garro, Fagor Taldeko Leire Okarantza eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. Azken honek, halaber, saioa gidatuko du. "Sarrera eta kokapena egingo ditu, eta esperientziaren diskurtsoa ekarriko du saiora, lortutakoari nola eutsi diezaiokegun aztertuz. Izan ere, agerian geratu da birus batek hondatu ditzaketela entitateek, elkarteek eta abarrek emandako aurrerapauso guztiak".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak