Pasa den ostegunean atera zuten Josu Arkauz Murtziako espetxetik, Valladolideko espetxera eramateko. Madrilgo Valdemoro kartzelan gau bat eduki zuten arrasatearra, eta ostiralean eraman zuten Valladolidera.
"Josuk duela bospasei urte bete zuen kondenaren hiru laurdena, eta orduan ez zen inongo mugimendurik egon. Urte askoren ondoren Murtziatik atera dute orain, aske gelditzeko hilabete falta zaionean, Valladolidera eramateko", aipatu dio Ramon Arkauzek GOIENAri.
Era berean, "fundamendurik gabeko mugimendua" izen dela azpimarratu du presoaren anaiak: "Egia da etxetik gertuago dagoela, baina oraindik ez dago Euskal Herrian, Espainia mailan egindako aldaketa besterik ez da izan". Espetxe aldaketak, onurak baino, buruhausteak ekarriko dizkiola uste du haren familiak: "Orain Murtzian baino urduriago aurkitzen da; ohitura aldaketak, tenperatura hotzagoak... Beretzat aldaketa handia da".
Espetxeetan COVID-19aren aurka hartu diren neurriek, aurrez aurreko bisiten debekuak tarteko, presoaren osasunari laguntzen ez diotela nabarmendu du Ramon Arkauzek.
Azken egunetako lekualdatzeak
Etxerat Elkarteak argitaratu duenez, euskal presoen espetxe aldaketa berriak gertatu dira azken egunetan. Hala, Xabier Atristain Soriatik Martuteneko espetxera hurbildu dute, Juan Carlos Herrador Ocañatik El Duesora eta Liher Aretxabaleta Ocañatik Burgosera.