8 eta 11 urte bitarteko haurrentzako eta 12 eta 15 urte bitarteko gazteentzako saioak eskainiko dituzte; aurten, lehenbizikoz. Doke antzerki taldekoak arituko dira saio horiek gidatzen azarotik ekainera bitartean. Taldeko kide Maider Alzelaik azaldu du uda aurretik egin ziotela proposamena udalari, baina pandemiaren ondorioz atzeratu egin dutela lanean hasteko data: "Irailean hasi gura genuen ikasturtea, baina ikusi genuen hobe genuela pixka bat itxaron eta eskolara itzulera nola ematen zen ikusi". Gauzak horrela, datozen hasteetan ekingo diote ikasturteari antzerki eskolan.
Talde murriztuak
Segurtasun neurriak errespetatze aldera, sei pertsonako taldeak egingo dituztela adierazi du Alzelaik. Astean ordu eta laurdeneko saio bat egingo dute, baina oraindik zehazteke dago zein egunetan bilduko diren; izena ematen dutenen "disponibilitatearen arabera" erabakiko baitute hori.
Aste honetan ireki dute izena emateko epea, eta orain artean "harrera oso ona" izan duela azaldu du Dokeko kideak: "Lehen egunetan dagoeneko talde bat sortzeko adina interesatuk deitu gaituzte". Izena emateko bi modu daude: dokeikastaroak@gmail.com helbidera idatzita, edota 665 11 85 72 telefonora deituta.