Gabonen inguruan aurkezteko asmoa du Libertad Condicional punk-rock talde gazteak bederatzi abestiz osatutako bigarren diskoa. Aste honetan igo dute sarera lan horren lagin txiki bat: Mil vivencias kantua.
Peru Atxa baxu-jolearen esanetan, Errautsetatik berpizten izenburua "punk-rock taldeen apologia" bat da: "Gaur egungo tendentziak gorabehera, oraindik galdu ez garen froga".
Bizimoduaren jabe diskoan baino "doinu landuagoak" aurkituko ditu entzuleak bigarren horretan. Estiloan, baina, ez da aldaketa nabarmenik igarriko, "mezuak argi eta garbi" helarazten dira eta. Hizkuntza aldetik ere bada nobedaderik; izan ere, euskarazko hitzak dira gehien entzungo direnak, "aurreko lanean gaztelerazkoak nagusitu ziren bezala".
Garai latzak bizi dituzte zirkuitu txikietan mugitzen diren taldeek, baina Libertad Condicionalekoek ez daukate kikiltzeko aitzakiarik. "Hemendik eta abendura bitartean bi bideoklip grabatzeko asmoa daukagu; entseatzen ere bagabiltza, astero ematen diegu errepasoa gure errepertorio propioko hamazazpi abestiei", aitortu du Atxak.
Dena prest estreinaldirako
Oiartzungo Ugaldetxoko eskolako estudioan findu dute musikariek Errautsetatik berpizten LP berria, eta emaitza esku artean daukate jada. Neguaren hasierarekin batera aurkeztu nahi dute, zuzeneko batekin, "eta, ahal bada, zutik". Ziur herriko garra berpizteko gai direla.