Ostegun honetan, urriak 15, Victimas Club izango da Arrasateko Gaztetxean 22:00etan, Kooltur Ostegunak ekimenaren barruan. Sarreren salmenta 21:30eatik aurrera burutuko da Gaztetxean bertan.
Irailean zapaldu zuen oholtza lehenengoz formakuntza berri honek, baina aurretik makina bat eszenatokitara igo dira musikariak, nor bere musika taldeekin: Sumision City Blues, Obligaciones, Mice, Kañeria 13, Anita Parker, The Kagas, Siroko, Begitruk... Zerrenda luzea osatzen dute esperientziarik falta ez zaien artista hauek.
Kooltur Ostegunetako antolatzaileen esanetan, "taldearen aurrekari den Sumision City Blues-en gisan eskemak apurtuko dizkigute estilo rockero eta bestelakoak tartekatuz, eta tenpoekin eta erritmoekin jolastuta, beti ere kalean erditutako poesia gailenduta". Poesia horren iturburua Iñaki Urbizu 'Pela' abeslariaren imajinarioan aurkitzen da, eta baxuaren lineak Jon Zubiaga 'Osoron' arrasatearraren kargupean doaz.
"Zinez, ez da tripa hutsik duzula ikusi eta entzuteko taldea", diote Gaztetxean asteroko kontzertua aurrera eramaten duten programatzaileek. Denboraldi berri honetan jarraitu beharreko segurtasun neurriak ere gogoratu dituzte: "Ikus-entzuleen datuak jasoko ditugu, aforoa mugatua izango da, musukoa janztea derrigorrezkoa eta erretzea debekatuta egongo da".