53 urte pasa dira gaur, ostirala, Ernesto Che Guevara militante internazionalista argentinarra Bolivian erail zutela. Gertaera horren aitzakiapean ospatzen da urriko bigarren astean zehar Borroka Antiinperialistaren Nazioarteko Astea, munduko txoko desberdinetan.
Euskal Herrian oroimen ekitaldi batzuk antolatu ditu Ezker Abertzaleak, inperialismoaren aurka borrokatu zuten tokian tokiko militanteei eskainia. Iruñean Roberto Facal eta Fernando Morroni, Bolibarren Simon Bolibar, Garesen Begoña Arandigoyen eta Arrasaten Pakito Arriaran izan dituzte gogoan.
Militante internazionalista honen omenezko argazki kolektiboa atera dute zenbait herritarrek Monterronen. Sekuoietako baten azpian egin diote omenaldia, bere omenez kokatuta dagoen oroitarriaren inguruan. Arrasateko Ezker Abertzalearen esanetan, "Che akabatzeko arrazoi berberak zituzten boteretsuek Pakito Arriaran hiltzeko".
Familiari idatzitako eskutitzetako batean idatzi zuen Arriaranek honakoa: "bi herri ditut maitatzeko eta mundu bat bere alde borrokatzeko". Euskal Herriaren eta Salvadorren alde "bizitza utzi zuela" adierazi du Ezker Abertzaleak.
FMLN frontean borrokan
Pakito Arriaran El Salvadorreko Gerra Zibilean hil zuten 1984ko irailaren 30ean, FMLN frontearen alde borrokan ziharduela. Bost urte lehenago egin zuen ihes Euskal Herritik Venezuelara. 1984ko urriaren 27an egin zioten hileta omenaldia Arrasaten eta urtebete beranduago jarri zuten bera gogoratzeko plaka Monterronen.