Bertso-trama egingo dute Arrasateko gaztetxean gaur

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko urr. 9a, 09:54

19:30ean izango da emakume bertsolarien saioa; ordu erdi lehenago zabalduko dute leihatila.

Azkenaldian plaza gutxi eginda, Arrasateko Ane Zuazubiskar, Oñatiko Maider Arregi eta Eskoriatzako Haizea eta Oihana Arana bertsolariak "gogotsu eta ilusioz" daude Arrasateko gaztetxeko oholtza gainera igotzeko. Honela dio Arrasatekoak: "Udako bertso saio ia guztiak bertan behera geratu ziren, eta pozik gaude udazkenerako aurreikus- penak hobeak direla sumatzen delako. Gaur egun Debagoienean dagoen bertsolaritzaren harrobiaren lagin baten erakusle da gaurko saioa".

Maria Oses, gidari

Maria Oses Arrasateko idazle gazteak proposatutako gaien bueltan bertso-trama sortuko dute lau bertsolariek. "Ilusio berezia egiten dit Mariak gidatzeak; oso gustuko dut blogean idazten dituenak irakurtzea. Ez digu saioaren pista handitik eman, baina lasai gaude, konfiantza osoa dugu harengan, eta, gainera, saioak bat-batekotasunik galdu ez dezan, aurrez zenbat eta gutxiago jakin, hobeto!".

Bertso-tramaren egitura istorio baten barruan kokatzen dela azaldu du Osesek: "Bertsolari bakoitzak pertsonaia baten rola beteko du eta egoera batzuei erantzun beharko die, betiere pertsonaiaren paperetik eta istorioaren garapenaren barruan. Gaiak askotarikoak izango dira. Bigarren aldia da gai-jartzaile lana egingo dudana; uztailean egin nuen nire lehen gai-jartzaile lana, Bertsozale Elkartearen saio batean. Ostiralerako bertso-tramarako proposamena Olatz Zuazubiskarrek egin zidan, oholtza gainean egongo ez bada ere koordinatzaile lanetan ibili da eta berak batu gaitu bostok proiektutxo honetarako. Lau bertsolariak ditut ezagunak, batzuk besteak baino gehiago, baina uste dut oso giro eroso eta politean egongo garela bostok oholtzaren gainean".

Borondatearen truke

19:30ean hasiko da saioa, eta leihatila ordu erdi lehenago zabalduko dute; sarrera-txartelak ez du prezio zehatzik izango, borondatearen truke izango da. Edukiera mugatua izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak