Datorren baserritarren azokan, sagarra izango da nagusi

Uxue Igarza Loiola 2020ko urr. 9a, 10:00

Urriko baserritarren azoka, iaz, Arrasaten.

Hileko hirugarren zapatu guztietan bezala, baserritarren azoka egingo da Arrasateko Seber Altube plazan, 09:00etan hasi eta 14:00ak arte. Oraingoan, ordea, sagarrak toki berezia izango du.

Iaz ere urriko azokan sagarraren bueltako ekintzak egin zituzten (sagarra dolarean zapaldu, zukua egin, askotariko sagarrak probatu, sagardoa dastatu…) baina egungo pandemia-egoera dela-eta, Arrasateko Udalak azaldu du urriaren 17ko azokan, ez dela horrelakorik egingo. Dena den, postu bat jarriko dute sagar barietate zabalarekin eta zuku eta marmeladekin. Gainera, antolatzaileen esanetan, hileroko otarraz gain, hamar lote zozkatuko dira sagarra protagonista duten produktuekin.

Sagar-ekoizleek azaldu dute "urte xelebrea" izan dela aurtengoa; izan ere, baserri gehienetan uzta eskasa jaso dute, baina eta banaka batzuetan, oso ona. Aurten, azokara joan ohi diren bailarako baserritarrek ez dute saltzeko beste sagar, eta Haristizabal baserriko (Ezkio-Itsaso) Eneko Solana izango da postua jarriko duena.

Bestetik, azokan, bestelako sasoiko produktuak ere egongo dira eskuragarri, eta baita ogia, gazta, eztia eta bestelakoak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak