Arrasatearrak ere liluratzen ari da Gure Zirkua

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 3a, 16:45

Trapezistak, pailazoak, ekilibristak…, osagai guztiak ditu Gure Zirkuak egonaldi eder batetaz gozatzeko. Arrasaten, saio berri batekin ari dira irailaren 25etik, eta ikuskizuna ikusi dutenek "errepikatzeko modukoa" eta "familiakoei eta lagunei gomendatzeko modukoa" dela adierazi dute. Karpa Musakolan dago, eta saioak urriaren 11ra arte egitekoak ziren arren, azaroaren 1era arte luzatu dute egonaldia.

"Harrera oso ona izaten ari da. Jende asko etortzen ari da inguruetatik, eta, gaur, Nafarroatik etorritakoak ere ikusi ditugu harmailetan. Erantsi dugun prorrogarekin hasi dira betetzen saioak, eta ea hala segitzen dugun", adierazi du Iker Galartza aktoreak.

Karpa handiagoarekin

Karpa alokatu egin behar izan dute, COVID-19 garaira egokitzeko, beraien karparekin erdiko edukiera betez ezerezean geratzen zirelako. "Beste irtenbiderik ez geneukan. Karpa handia da, harmaila bikoitza da, eta %50arekin penakin, hutsuneak ikusten direlako, baina, hori da momentuz duguna, eta aurrera egin behar dugu", adierazi du Iker Galartzak.

Ikuskizun berriaren emaitza apartekoa

Proposamen berri batekin etorri dira Arrasatera, eta harrera bikaina izaten ari dela adierazi du Galartzak: "Jende asko etortzen da aurreko ikuskizunetako berbera ikusiko dutelakoan, eta sorpresa ederra hartzen dute. Ikusten dute gauza berriak sartu ditugula… Asko kostatzen da gauzak aldatzea, saio berria prestatzea…, baina, konfinamenduan buelta batzuk eman dizkiogu buruari, eta hemen emaitza".

Sarrerak erosteko

Azaroaren 1era arte bitartean egongo diren emanaldietaarako sarrerak erosi nahi dituenak online erosi ditzake. Hala ere, emanaldi egunetan, zirkuko karpan bertan duten txarteldegian ere egun guztietarako sarrerak ere egoten direla adierazi dute Gure Zirkukoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak