Baskoniari irabazita, Easo dator Iturripera

Xabier Urtzelai 2020ko urr. 2a, 16:29

Euskal Kopako lehen jardunaldian, Gasteizen. Argazkia: Euskal saskibaloia federazioa.

Euskal Kopako bigarren jardunaldia jokatuko du talde zuri-moreak domekan, Iturripen (18:00). Ikusleendako edukiera mugatua izango da –65 lagun– eta harmailetan egoteko lekua aurrez erreserbatzea nahitaezkoa izango da.

Iazko Euskal Kopako txapela defendatzeko helburuarekin hasi du Mondragon Unibertsitateak denboraldia, eta Kopako lehen jardunaldian Baskoniaren kantxan lortutako garaipenak hauspoa eman dio talde arrasatearrari, bai garaipenak eta baita partidua irabazteko moduak ere, zuri-moreek luzapenean lortu zuten-eta garaipena (86-89). Hala, garaipen horri esker Euskal Kopako lauko finalerako sailkatu dira jada.

Domekan, berriz, gipuzkoarren arteko derbia egongo da ikusgai Iturripen, Easoren bisita izango dute-eta zuri-moreek (18:00). Hala, klubak ahalegina egin du zaleek taldea harmailetatik babestu dezaten, baina neurri zorrotzak jarraituko dituzte horretarako. Gehienez, 65 lagunendako tokia egongo da harmailetan, osasun neurriak errespetatu beharko dira eta Iturripera sartzeko derrigorrezkoa izango da esteka honetan lekua erreserbatzea, hemen .

Kopa, denboraldia prestatzeko

Liga txapelketa prestatzeko torneo aproposa da Euskal Kopa. Denboraldi-aurreko torneoa da, baina azken urteotan zuri-moreak fundamentuz lehiatu dira bertan, azken bi edizioetan garaikurra etxera ekarri dute eta. Nahiz eta benetako helburua EBA ligan ondo jardutea izango den. "Aurten, gainera, aldaketa handiak izango ditugu ligan", dio taldeko kapitain Martxel Balantzategik. Izan ere, COVID-19agatik talde batzuk mailaz igo dira, baina inork ez du kategoria galdu eta beste urte batzuetan baino talde gehiago batu dira kategorian.

Horrek ekarri du ipar konferentzian bi multzo beharrean hiru multzo sortu dituztela, eta egoera berri horretara egokitu egin beharko dute zuri-moreek. "Egia esan, denboraldi-aurreko torneo hauek egokiak dira taldekideak hobeto ezagutzeko, baina aurten ez dugu arazo hori, taldean iaztik hona ez da-eta aldaketarik egon. Gehiago izango da liga hasierara begira erritmoa hartzen joateko torneoa, baina Baskoniaren kontrako garaipenak [ligako lehenengo jardunaldia euren kontra izango dute, urriaren 18an] motibazioa eman digu torneo ona egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak