"Gaitza edo ustezko konponbidea, zer okerrago?
Hasteko eta behin, Maritxu Kajoi jaia dela eta, herriko hainbat ostalarik eta Maritxu Kajoi Komisiñuak berak hartutako erabakia balioan jarri nahi genuke. Ez zen erraza izango eurentzat arrasatearrok hainbeste maite dugun jaia bertan behera uztea eta zer esanik ez hilabetetan ateak itxita izan eta gero negozioa galtzeko prest dauden horientzat. Bihoa hemendik gure eskerrik beroena erakutsi duten jarrera eskuzabal eta arduratsuagatik.
Arrasateko udal gobernuak izan duen jokamoldea, berriz, kezkagarria iruditzen zaigu oso. Pedagogia egin beharrean, herritarrei zentzuz jokatzeko eskatu beharrean, jaia bertan behera utzi duen Maritxu Komisiñuaren erabakia publikoki indartu beharrean, euren negozioen jarduera mugatuko duten jatetxe, ostalari eta elkarte gastronomikoak txalotu beharrean… herria poliziaz betetzeko asmoa baino ez du erakutsi. Kontrolak, isun mehatxuak, debekuak… eta gainera asteburu osorako.
Bizitza hankaz gora jarri digun osasun arazo honetatik sano aterako bagara, komunitate gisa jokatu beharko dugu. Elkarrekiko konfiantza landuz eta irtenbidea denon esku dagoela ulertaraziz, besteak beste. Herritarrak krisiaren konponbidera erakarri behar ditugu, gazteak barne, egoera larriagotu izanaren errudun bihurtu ordez. Jazarpen polizialak, parkeak ixteak, herrirako sarrera mugatu edo debekatzeak ez dute osasun egoera hobetzen lagunduko, denok argi dugulako toki batean ez bada beste batean egin dezaketela parranda gazteek; gaur ez bada, bihar.
EH Bildutik osasun larrialdia hasi zenetik ari gara eskatzen Udal gobernuari herri mailako krisi mahai bat sor dezala, ordezkari politikoak eta agente sozialak elkarrekintzan arituz, politika publiko eraginkorrak martxan jar ditzagun. Gazteak neurri horien konplize egin behar ditugu, kriminalizazioaren bitartez arazoan sakontzea eta berriak sortzea baino ez baitugu lortuko".