Juan Arzamendi Musika Etxearen lanei dagokien abala bereganatu du Udalak

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 2a, 09:48

Obra egiteko Lurgoien SAU enpresak ezarritako abala bereganatzea lortu du Arrasateko Udalak: 239.776,54 euro. Kopuru hori, obra eten, proiektua berriro abian jarri, eta bitarte horretan eraikinean hartu behar izan diren segurtasun neurriak finantzatzera bideratuko dituela jakinarazi du.

2020ko apirilean, Lurgoien SAU enpresarekin obra-kontratua eten zuen Udalak, enpresak, "arazo ekonomikoak medio", proiektua ezin baitzuen aurrera eraman.

Hala ere, gauzatu gabe geratu zen obraren idazketa lizitaziora atera zuen Udalak –hiu enpresa aurkeztu dira–. Behin lana esleituta, enpresa horrek hilabeteko epea izango du amaitzeko dauden obra horiek zehazteko, Udalaren esanetan. "Lan horrek 54.964,25 euroko aurrekontua du, BEZik gabe, eta lortutako abalaren kontura ordainduko da; beraz, oraingoz ez da gain-kosturik izan". Halaber, bukatzeke dagoen obraren zatia dokumentu tekniko batean zehaztu ondoren, lehiaketara aterako dute hori ere.

2021eko bigarren seihilekoan berrekitea espero da

Egoera horrek "obrak amaitzeko aurreikusitako epeak atzeratzea" ekarriko du, eta 2021eko bigarren seihilekoan berriro hastea espero da, baina Udalak obra amaitzeko "konpromiso irmoa" berretsi du. "Udal Gobernuak argi du kulturaren eta sormenaren aldeko apustua ezinbestekoa dela. Gure ildo estrategiko nagusienetako bat da: Kulturak eta sorkuntzak ematen dio bizia eta nortasun propio eta bereizia Arrasateri. Kultur jarduera berriei egin nahi diegu lekua, gureak indartu eta sorkuntza lana dinamizatu. Horretarako faktoria garrantzitsua izango da Juan Arzamendi Musika Etxea, ezbairik gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak