Urriaren 24a izango da egun handia. Halere, hilabete osoan izango dituzte ekintzak Udal Bibliotekan. "Helburua da literaturaz eta kulturaz gozatzeko aukera erakargarriak eskaintzea, adin guztietako herritarrak kontuan hartuta. Bibliotekaren ardatz diren irakurketa, kultura eta herria bizi-bizi jarri nahi ditugu Bibliotekaren Eguna ospatzeko", dio Ane Miren Berasategi liburuzainak.
Edukiera mugatua izango da ekintza guztietan. "Aldez aurretik aulki kopuru mugatua prest egongo da, segurtasun distantziak beteta", dio Berasategik
Lehen ekintza antzerkia izango da, eguenean, Didau Antzerki Faktoriaren eskutik. "Afrikako ipuin bat da, animalia batzuen bizitza kontatzen duena. Txotxongilo batzuk ditugu, eta objektu ezberdinen bitartez Afrikako elementuak osatzen joaten gara. Familiak animatu gura ditugu. Protokoloak betez, goazen kulturaz gozatzera", dio faktoriako kide Ainhoa Agirrek. Ez da aurrez izena eman behar.
Bestalde, Frankestein berpiztuko balitz izenburupean Ana Galarragak eskainiko duen zientzia esperimentuez osatutako ipuin kontaketak bi emanaldi izango ditu. Lehena urriaren 14an izango da, 19:00etan, Santa Marinan eta bigarrena, urriaren 22an, 18:00etan, Kulturaten. Saioa 6 urtetik gorakoentzako izango da.
Bibliotekaren Egunean bertan, urriaren 24an, Azalerako Ipuinak literatura jolasak egingo dituzte Kulturaten, 11:00etan, aurrez izena emanda, bibliotekan bertan edo web orrian –0 eta 3 urte bitartekoentzat–. Saroa Bikandi izango da jolasak gidatuko dituena.
Azkenik, urriaren 30ean, gazte eta helduendako LAPUR(ari)KETAK emanaldia eskainiko du Maite Arroitajauregi Mursego-k, Kulturaten, 19:00etan.