Zurutuzak 2.069 euroko dohaintza egin dio Mundukide fundazioari

Karmele Uribesalgo 2020ko ira. 25a, 09:38

David Zurutuza futbolari ohia, Mundukideri dohaitza egiten.

David Zurutuza Realeko jokalari ohiak 6.207 euro eskuratu zituen enkante solidario baten bitartez. Diru horren zati bat eman dio egoitza Arrasaten duen Mundukide fundazioari. Horrez gain, Commongoal eta Real Sociedad Fundazioak ere jaso dute dohaintza.

Mundukidek Arrasaten duen egoitzara gerturatu da Zurutuza aste honetan. Fundazioak Hego Amerikan dituen garapen lankidetza proiektuen inguruko informazioa eskaini diote eta Arrasateko esperientzia kooperatiboa ezagutu du. "Pozgarria da Mundukide bezalako elkarteekin lankidetzan aritzea, elkartasuna ezin baita gelditu, eta are gutxiago bizi garen testuinguru honetan", adierazi du Zurutuzak. Josu Urrutia Mundukideko zuzendariak eskerrak eman dizkio Realeko jokalari ohiari egindako ekarpen ekonomikoagatik.

Sinatutako kamiseta eta botak jarri zituen enkantean, baita 2017an Europa Leaguen sartzeagatik jasotako Rolex erlojua ere. Horrez gain, erremateara atera zituen Realaren partida bat ikusteko bi VIP sarrera eta berarekin Anoetako instalakuntzak bisitatu eta partidu bat ikusteko lau gonbidapen.  

Fundaziotik gertu

Aurretik ere Zurutuzak izan du harremana Mundukiderekin. 2015ean bazkideak erakartzeko egin zuten Batu Taupadara kanpainako irudia izan zen futbolari ohia. Bi urte beranduago, berriz, Lagundu irabazten-era batu zen, Mozambikeko programaren aldeko SMS kanpainara, beste hainbat euskal kirolarik egin bezala. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak