Ekobulebarreko obrak 2021eko urtarrilean hasiko dira

Hasier Larrea 2020ko ira. 24a, 17:53

Galizia kalean eraiki nahi den igogailua, gorriz marraztuta.

Bide gorriaren estentsio lanek 16 hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten du Udalak. Bestalde, beste ur parke bat jarri nahi du Villa Amparo eraikinaren alboan, eta igogailu publiko bat Galizia kalean. 

Aurkeztutako sei eraikuntza enpresen artean, Construcciones Moyua S.L. enpresa izan da Ekobulebarraren obra gauzatzeko lehiaketa publikoaren irabazlea. Lanari, BEZ-a kontutan hartu gabe, 1.729.079,97 euroko aurrekontua bideratuko zaio. 

Proiektuaren helburua Maitzaren 1 plaza eta Maalako biribilgunea lotuko dituen bidegorriaren jarraipena burutzea da. Garibaiko BUS geltokiari itxura berri bat eman nahi zaio, motorrentzako eta bizikletentzako aparkalekuak eta TAXIen geralekua ere berregokituz. Horrez gain, Biteri eta Maalako biribilgune arteko zatia oinezkoentzat eta bidegorriarentzat bakarrik utziko da. Ondorioz, ibilgailuek jada ezingo dute hortik igaro.

Grupo San Juan-eko esku-hartzeari dagokionez, bizilagunen azken erabakiaren zain aurkitzen da Udala. Proiektuak aurreikusten du Alfontso X plaza oinezko gune bihurtzea, Sebero, Portaloia­ eta Biteri oinezko gune zabalarekin bat eginez. Grupo San Juan aldera ematen duen erreka bazterra oinezko bihurtuko da baita ere, ibai ertzeko egon-gune bat sortuz. Alfontso X plazan dagoen Biteriren estatua, berriz, bere izena daraman kaleko berdegunera lekualdatuko da.

Ur parke berri bat

Santa Barbarako parkeari jarraiki, ur parke berri bat eraikiko da Villa Amparo eraikinaren inguruetan, Maalako errotonda azpitik pasatzen den ibaiaren alboan, eta bi gune izango ditu: bata haurrei zuzendua, ur zirkuitu batekin, eta bestea gaztetxoentza, 18 ur jolas baino gehiagorekin.

Igogailu publikoa, Galizia kalean

Erguineko mugikortasun bertikaleko ekimen integralaren ostean, Santa Teresa eta Galizia kaleetako irisgarritasuna hobetuko duen igogailu sistema ezarri nahi du Udalak. Hala, proiektuaren idazketa atera zuen lehiaketara ekaina amaieran, eta jada lizitatu da lana: aurkeztutako 4 enpresen artean, Asmatu S.L.-k gauzatuko du. 27.600 euroko aurrekontua du, BEZ-ik gabe, eta 2021eko uztailerako proiektua idatzita egongo da. Udalaren asmoa da 2021eko uztailean bertan obrak lizitazio-lehiaketara ateratzea.

Udalak adierazi duenez, “proiektu honek genero ikuspegia barneratuko du segurtasuna oinarri. Gainera, Santa Teresako bizilagunen mugikortasuna hobetu egingo da, oinezkoen mugimenduak sustatuz eta autoen erabilera gutxiaraziz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak