Itzuli dira kirol ikastaroak Uarkapera eta Musakolara

Hasier Larrea 2020ko ira. 25a, 06:00

Kirolari bat Musakolako gimnasioan ariketak egiten.

Ate irekien "balorazio positiboa" egin ostean, sasoian egoteko eskaintza zabala abiatu dute kiroldegietan

Udako kaloria pilaketak murrizteko 34 tailer antolatu dituzte kiroldegietako langileek ikasturte berri honetara begira. Lau egunez eduki dituzte publikoari zabalik Uarkapeko eta Musakolako eraikinetako ateak, eta, oraingoz, 121 herritarri piztu zaie ikastaroetan parte hartzeko irrika. Gauzak horrela, irailaren 16an jarri ziren martxan saioak.

Joan den sasoiko tailer arrakastatsuenak bere horretan mantenduko dira oraingoan ere. Hala, k-stretch, spinning eta zunba ikastaroak izan dira izen emate gehien jaso dituztenak.

Gainera, Musakolan ere jarriko dituzte k-stretcha praktikatzeko hamakak, bederatzi guztira, eskaintza zabalagoa emateko asmoz. Postura hobetzeko luzaketetan oinarritzen dira ariketa horiek.

Nobedadeek ere izango dute tokirik programazioan, spinning pump eta boxing strong jardueren presentziarekin. Batean spinning eta body pump ariketak konbinatzen dira, arlo kardiobaskularra eta tonifikazio mugimenduak uztartuz. Bestean, berriz, kickboxing mugimenduak, burpe-ak, jauziak, squats-ak eta lunge-ak praktikatzen dira, besoak, hankak, abdominalak eta gluteoak lantzeko asmoz.

Oraindik eman daiteke izena

Pandemia dela-eta aretoen gehienezko edukiera jaitsi behar izan duten arren, zenbait ikastarotako azken plazak hutsik daude. Interesdunek bi modutan eman dezakete izena: Musakolako harrerara hurbilduz edota Kirolaonline.arrasate.eus webgunearen bitartez, ikastaroen eta jardueren atalean sakatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak