Maitane Lopez: "Osaba erreferentea izan da niretzat futbolean"

Hasier Larrea 2020ko ira. 24a, 11:02

Maitane Lopez, Donostiako itsasertzean.

Levanteko jokalari ohiak bere bihotzeko taldearen elastikoa defendatuko du aurtengo denboraldian. Mallorcarra Lopez Rekarte sendiaren itzala luzatzera etorri da Realera.

Txikitako ametsa 25 urterekin bete du Maitane Lopez Millan jokalari mallorcarrak, Realeko lehen taldearekin urtebetez fitxatzearekin batera. Denboraldia hasteko irrikaz, familiaren eta klub txuri-urdinaren arteko haria luzatzeak ilusio handia egiten diola aitortu du erdilariak.

Sorpresaz jaso al zenuen Donostiara joateko deia?

Egia esan, ez da nigatik interesa erakutsi duen lehen aldia izan, baina aurten haize freskoa hartzeko premia neukan, Levanten bost denboraldi jokatu ostean. Izugarrizko poza sentitu nuen Realarekin fitxatzeko aukera eskaini zidatenean, txikitatik bainaiz realzalea.

Zure aitaren aldeko familiak izango du horretan zerikusirik.

Dudarik gabe! Murtzian jaio eta Palma de Mallorcan hazi nintzen, baina oso harreman estua eduki dut beti Arrasateko familiarekin. Anoetan ere egonda nago, osaba Aitorrek jokatzen zueneko partidak ikusten. Bereziki oroitzen naiz nola oparitzen zizkidan lagunekin batera joateko sarrerak Son Moix-en jokatzen zutenean. Aitorri galdetzen nion ea nola lortu zuen elitean aritzea; niretzat ispilu bat izan da bera.

"ARLO FISIKOAN HOBETU DA, BATEZ ERE, EMAKUMEZKOEN FUTBOLA AZKEN HAMARKADAN"

Egongo da eredutzat hartzen duzun beste jokalari profesionalik.

Aukeran, Julie Ertz estatubatuarrarekin gelditzen naiz. Munduko Txapelketa irabazi berri du bere selekzioarekin eta Chicago Red Stars klubean jokatzen du. Berau ere, osaba bezala, defentsa lanetan aritzen da. Noski, ni atzealdean aritzen naiz eta! Erdilari atzeratuenaren postuan jardun izan dut azken zortzi urteetan, baina euskarri eta erdiko defentsa ere aritu izan naiz. Trebea naiz baloiak lapurtzen eta jokoari hasiera ematen, eta uste dut Realaren jokora ondo moldatuko naizela: Levantek bezala, baloiaren jabetzaren aldeko apustua egiten du Realak.

Hasierako zirrararen ostean, zer moduz moldatu zara Zubietako lan egiteko modura?

Geroz eta erosoago sentitzen naiz bai jokalariekin eta bai staff teknikoarekin ere. Anoetako aurkezpen egunean, familia osoaren babesean, argi neukan aparteko aukera hau aprobetxatzera nentorrela. Natalia Arroyo entrenatzaileak nire aldeko apustua egiten duenean maila ematea espero dut.

16 urterekin debutatu zenuen, Bigarren Mailan. Gertutik bizi izan dituzu ordutik hona emakumezko futbolean gertatu diren aldaketak.

Bai, hala da. Hobekuntza txiki ugari nabaritu ditugu hamarkada honetan, baina esanguratsuena arlo fisikoan gertatu dela iruditzen zait. Zelaian inoiz baino gehiago eskatzen digute jokalarioi; beraz, zelaitik kanpo asko zaindu behar dugu gure gorputza. Baldintzak ere hobetu direla ezin uka, baina oraindik urrun ikusten dugu helburu nagusia: futbolari profesional bezala bizi izatea, alegia.

Izan ere, beste egiteko batzuetan ere aritzen zarete, ezta?

Bai; nik Pedagogia Terapeutiko gradua amaitu berri dut, eta orain, keinu hizkuntzako A1 titulua ateratzen ari naiz. Behar handien duen jendeari laguntzeko bokazioa daukat, baina oposizioak egitea ez da nire planen barruan sartzen oraindik, plaza lortzen badut ezingo nukeelako futbolarekin uztartu. Hala ere, ondo datorkigu kirol ibilbideaz aparte formakuntza bat garatzea, denok dakigu-eta kirol ibilbideak motzak izaten direla. Nik ikasten jarraituko dut. Talde barruan badago lana eta futbola uztartzen duenik ere.

Noiz hasiko da Iberdrola Liga?

Lehen Mailako partidak urriko lehen asteburuan hasiko dira, baina guk bigarren asteburuan jokatuko dugu, Rayoren aurka. Nahiz eta aurretik denboraldi arraroa eduki, urrun iristeko helburuak markatu ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak