Iker Galartza (Gure Zirkua): "Azarora arte luzatu dugu Arrasateko egonaldia"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ira. 24a, 09:47

Iker Galartza, Arruena parkean duten zirkuko karparen kanpoan.

Bihar, egubakoitza, irekiko dute karpa publikoarentzako eta azaroaren 1era bitartean hogeita hamar saio egingo dituzte; Gurezirkua.eus atarian eros daitezke sarrerak, 12 eurotan.

Orion izan da Gure Zirkua abuztuan, eta, han harrera oso ona izan ondoren, Arrasateko Arruena parkean –Eroskiren ondoan– muntatu zuten aurreko astean karpa. Arrasaten ere sarrera guztiak agortu dira, eta beste hiru asteburu gehiago luzatu dute eskaintza.

Sold out berriz ere, eta egonaldia luzatu duzue azarora arte. Pozik?

Bai, horixe! Astebetean ia sarrera guztiak agortu ziren, eta Udalari eskaera egin genion emanaldi gehiago eskaintzeko, eta, baiezkoa jasota, hurrengo hiru asteburuetan izango dira beste hamabost saio. Karpa handi honekin ezin gara gure zirku txikiarekin ibiltzen ginen moduan astero tokiz aldatzen ibili. Alokairua, trailerrak, erregaia, muntaketa lanetarako kanpotik etorri behar izaten dira laguntzera... Gastu asko dira, finean. Gaur jarri ditugu sarrera berriak salgai, betiko legez, gure atarian.

Zergatik Arrasatera?

Zonaz aldatzeagatik, gehienbat; Oriotik Arrasatera ez gara askorik urrundu, baina zonaz asko aldatzen da. Arrasateko Udalak deitu zigun –beste toki batzuetatik ere bai, Nafarroatik eta Bizkaitik...–, baina Arrasate aukeratu genuen ondo komunikatuta dagoelako eta karpa jartzeko Arruena leku ederra delako ere bai, aparkaleku ona ere bertan dauka. Urte sasoi honetan, gainera, haize tokirik ez zaigu komeni, eta hemen babesean gaude; uste dut toki aproposa dela bizitzen ari garen egoerari aurre egiteko.

"KARPA HANDIAREKIN EZIN GARA ASKORIK MUGITU, ETA TOKI APROPOSA DA ARRUENA PARKEA"

Arrasateko akrobata bat duzue aurten, Agurtzane Telleria.

Bai, hala da. Gabonetako ikuskizunetarako batu zen taldera eta gurekin geratu da udan ere. Lantaldearekin gustura zegoen bera eta gu ere bai, eta zirkuaren harrak harrapatzen zaituenean zaila da uztea. Orion ere oso ondo joan zaio, eta Arrasatekoetara pozik batu da, baina, egia esan, sekula ez dut horren urduri ikusi.

Zer moldaketa egin behar izan duzue segurtasun neurriak direla eta?

Karpa ez da betikoa, bikoitza da, eta harmailak ere bai. Gurean 280 lagun sartzen genituen eta honek 600 lagunentzako edukiera dauka. Erdira mugatu dugu eta metro eta erdiko distantzia dago eserlekuen artean, eta maskara derrigorrezkoa da. Unitate familiarrak errespetatuko ditugu, baina familia bereko lagun asko etorriz gero batera, ez da posible izango denak elkarrekin egotea. Matematika kontuak egin behar izaten dira emanaldi bakoitzeko. Kasik, esan genezake pista barruan baino, jende gehiago behar dugula kanpoan dena ondo antolatzeko, eta jendea seguru sentitu dadin, ikuskizunean lasai eta eroso.

Ikuskizuna ere aldatu egin duzue?

Bai; batez ere, magoak jendearen parte hartzea eskatzen du bere saioetan, baina ezin du orain halakorik egin; Orion ari ginela, modu batera eta bestera egokitu behar izan zuen, baina, azkenean, ezin izan zuen nahi zuena egin; eta gure pailazoak jende artean ibili izan dira beti, ume bati eskua eman, hurrengoari beste zerbait egin... eta horiek ere ezin hala jarraitu.

Emanaldiaren ostean ere ezin orain artean moduan publikoarekin elkartu; zelan moldatzen zarete?

Hala da, bai; beti gustatu zaigu publikoarekin kontu batzuk esatea... eta orain ere bai, baina desberdin. Zirkuaren kanpoaldean hesi bat dago; hesi barruan geratzen gara gu eta ikusleak hesiaren kanpoaldean egoten dira, argazkiren bat ateratzeko edo agurtzeko...

Gure Zirkuaren hurrengo geltokia, noiz eta non?

Asmoa dugu Tolosan, gure herrian, Gabonetan egitea; inauguratu genuenetik ez dugu emanaldirik egin han, eta ea, bada, urtea hala bukatzen dugun.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak