Adineko pertsonen alde emozionala lantzeko hitzaldia, Javier Yanguasen eskutik

Eneko Azurmendi 2020ko ira. 23a, 10:13

Javier Yanguas, La Caixa fundazioko nagusien programako zuzendari zientifikoa eta psikologia doktorea.

La Caixa fundazioko nagusien programako zuzendari zientifikoa da Yanguas, eta COVID-19ak eragin dituen erronken inguruko saioa egingo du urriaren 1ean, Kulturateko areto nagusian, 18:00etan, Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatuta eta Udalaren laguntzarekin. Edukiera mugatua izango denez, BAZen eskuratu ahal izango dira gonbidapenak, astelehenetik aurrera.

"Gure kezka da pandemiaren ondorioz arazo handiak gertatzen ari direla adinekoen egoitzetan eta hainbat etxetan. Jendeak min handia dauka eta gaizki pasatzen ari da, bereziki egoera zaurgarrian daudenak", azaldu du kontseiluko kide Margari Gorrotxategik. "Hori dela eta, emozioetan zentratu gura genuen hitzaldia, alde positiboa lantzeko, zer egin daitekeen egoera honetan, nola planteatu daitekeen egunerokoa, bai bizitzen ari garen garai hauetan, eta baita aurrera begira ere".

Gainera, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna da urriaren 1ean. "Pandemiak modu zuzenean eragin die adineko pertsonei eta haien familiei. Hala ere, hitzaldi irekia izango da, herriari begirakoa eta edozein dago gonbidatuta", dio Gorrotxategik.

Erronkak aztertu, eta aurrera begirako hausnarketa bultzatu

Yanguasek nabarmendu duenez, COVID-19aren pandemiak erronka batzuk jarri ditu mahai gainean gizartearentzat, baina bereziki zahartzaroarentzat. "Nolako tratua jaso duten, etxeko zein egoitzetako atentzioa nolakoa izan den, haiekiko estereotipoak eta abar landuko ditugu saioan. Bestalde, alde emozional eta kognitiboan ere asko eragin die pandemiak", adierazi du psikologia doktoreak.

Beraz, datorren asteko hitzaldiaren helburua da pandemiak zer ekarri duen aztertzea eta, "hausnarketa batzuen bitartez, etorkizunera begirako ondorio batzuk ateratzea", egunerokoari hobeto aurre egiteko. "Zahartzaroa oso konplexua da momentu hauetan. Erronkak ezberdinak dira erretiroa hartu berria duen batentzat edo 80 edo 90 urteko batentzat. Ezin ditugu guztiak saku berean sartu. Beraz, saiatuko naiz talde bakoitzak dituen erronkak bereizten".

Hitzaldiaren bukaeran, omenaldi xume bat egingo dute, COVID-19aren ondorioz hil diren guztiak oroitzeko, Ruth Osinaga kantariaren eskutik.

Gonbidapenak, BAZen

Edukiera mugatua izango da, 70 lagunendako lekua egongo da eta. Beraz, gonbidapena eskatu beharko da, BAZen, arrasate.eus webgunean, 943 25 20 00 telefonora deituta edo bertaratuta.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak