Aita Mennik osasuna bermatzeko "neurriak hartu gabe" jarraitzen duela salatu du ELAk

Maialen Santos 2020ko ira. 22a, 19:05

Protesta batean zehar.

ELAk salatu du oporretatik itzulitako langileei PCR probarik egin gabe jarraitzen duela enpresak, arlo soziosanitarioan enpresa guztiak horretara "behartuta" dauden arren. Bestetik, lehendik zeuden "arazo estrukturalak" areagotuz doazela ere adierazi dute ohar bidez. 

"Pasa den abuztuan, pazienteak eta langileak kutsatu ziren ospitalean eta batek daki birusa hedatuko ote den berriz ere. ELAtik onartezina iruditzen zaigu, beste behin ere, enpresa honen arduragabekeria. Langileek segurtasun eta berme guztiekin lan egitea ezinbestekoa da", esan dute sindikatutik. 

Horren harira, enpresako zuzendaritzari eskatu diote langile guztiei PCR frogak egin diezaietela, eta langileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna "lehenengo lerroan" jar dezatela. 

Horretaz gain, salatu dute 2018tik negoziatzen ari diren hitzarmena berritzeari "uko" egiten diola enpresak, eta lehendik zeuden arazo estrukturalak areagotuz doazela enpresaren jarrera dela eta: "Sekulako pertsonal falta dago, ez dira postuak kubritzen, erabiltzaileen zaintza kalitatea geroz eta eskasagoa da, ordezkapenak egiten ari diren langileei opor egunak hartzea ukatzen diete...". Gaineratu dute langileen egoera egunetik egunera "okerrera" doala, eta enpresak "irabazi ekonomikoak handitzea" besterik ez duela nahi. Hala, negoziazioari heldu eta ospitaleko langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko duen "hitzarmen duin bat" sinatzera deitu gura izan dute enpresa.  

Azkenik, Aita Menni ospitaleak dituen arazoei "irtenbidea" eman arte mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute ELAtik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak