Proposamenez betetako udazkena Udal Bibliotekan

Hasier Larrea 2020ko ira. 17a, 16:27

Irailaren 21etik 26ra bitartean eman ahalko da izena jardueretan, Kulturaten edo webgunean.

Udal Bibliotekak adin guztientzako egitasmoak eskainiko ditu kurtso berri honetan. Euskarazko literatur solasaldiak urriaren 29an hasiko dira, gaztelerazkoak urriaren 21ean eta ingelesezkoak urriaren 27an. Solasaldi guztiak astegunetan garatuko dira, 18:30etik 20:30etara.

Euskarazko solasaldiei Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak eleberriak emango die hasiera. Karmele Jaioren Aitaren Etxea eta Ali Salem Iselmuren Beduino bat Karibe aldean nobelak aztertuko dituzte hurrena. Alex Gurrutxagak gidatuko ditu saioak.

Gaztelerazko solasaldiak, berriz, hiru ziklotan banatuta egongo dira: Literatura eta bidaiak udazkenean, Hegoamerikar Literatura neguan eta Europar Literatura udaberrian. Ingelesezkoetan, aldiz, Wide Sargasso sea eleberria eta telesail bilakatutako Olive Kitteridge nobela izango dira hizpide, bata udazkenean eta bestea neguan.

30 pertsonako edukiera izango dute tailer horiek. Izen emateek kopurua gainditzen badute, zozketa bidez hautatuko dira solasaldietako parte hartzaileak.Saioren batean edukiera betetzen ez bada, izen emateek zabalik jarraituko dute.

Bestetik, Biblioteka Egunak ere ez du hutsik egingo aurten. Askotariko profil eta gustuak kontuan hartzen dituen egitasmoa urriaren 24an izango da.

Nobedadeak ez dira faltako
Irakurtzeko ohitura falta duten edo alfabetatuta ez dauden helduentzako, beste tailer bat antolatu du Bibliotekak: irakurketa errazeko kluba. Urriaren 14an hasita, bi eguaztenetan behin batuko da gehienez 12 pertsonaz osatutako taldea. Proba pilotua gazteleraz izango den arren, aurrera begira euskaraz egiteko aukera ez dute baztertzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak