Liburuaren aurkezpena martxoaren 18an egiteko asmoa bazuten ere, COVID-19ren ondorioz atzeratu egin behar izan zuten. Sarek abian jarritako 30 urte asko da, aski da, bizitza osoko zigorrik ez dinamikaren baitan sartu nahi zuten hitzordu hau, mugimendu feministari "oso proposamen interesgarria" iruditu zitzaiolako. Sareko kideek Josu Arkauz eta Unai Paroten egoera salatu nahian sortu zuten dinamika hori.
"Kartzelari eta justizia feministari feminismotik begiratzeko nahia eta beharra" ikusten zuten mugimendu feministako kideek eta liburuaren aurkezpena aitzaki bikaina izan zitekeela pentsatu zuten. "Liburuan testigantza oso intimoak jasotzen dira eta guretzako interesgarria da horrelako espazio bat ireki eta horrelako muturreko egoerak ere feminismoaren begiradarekin aztertzea", adierazi dute.
Arrasaten, kartzela kanpotik zein barrutik askok ezagutu dutela gaineratu dute eta liburuan parte hartu ez badu ere, aurkezpenera Larraitz Iparragirre eskoriatzarra gonbidatu dute, Marixol Iparragirreren ahizpa, bere bizipenak kontatu ditzan.