Trikitixa doinuak baliatuko dituzte Hauspo Egunean, herriko merkataritza suspertzeko

Eneko Azurmendi 2020ko ira. 15a, 12:24
AMAK taldea, Hauspo Egunean ariko denetako bat.

Urriaren 3an egingo dute Ibai-Artek antolatu duen Hauspo Eguna, eta egun osoko egitaraua antolatu dute, trikiti munduari lotutakoa, "udalerria girotu eta merkataritza aktibitatea suspertzeko asmoz". Hala, Sorginak, Tanxugueiras eta AMAK taldeek kontzertua eskainiko dute herriko plazan.

"Egunari Euskal Herritik datorkigun Sorgiñak taldearekin emango diogu hasiera, Kepa Junkera handiaren ikasleekin sortutako taldearekin", azaldu du merkatarien elkarteak ohar bidez. 13:30ean izango da hori.

Ondoren, Galiziatik etorritako Tanxugueiras taldearen txanda izango da, Olaia Maneiro, Sabela Maneiro eta Aida Tarríoren eskutik, "Galiziako folkaren iraultzak ahots, pandero eta argiak areagotuz, bertsio ausartena eskainiz". 19:00etan egingo dute kontzertua galiziarrek.

Azkenik, beste talde euskaldun bat izango da: "AMAK taldea Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solanok osatzen dute. Guztiak emakumeak, taula askorekin eta guztiak amak. 90eko hamarkadatik trikiaren erreferente diren eta soinu hau biziberritzen ari diren lau emakume izango ditugu taularen gainean egunari bukaera ezin hobea emateko". Eguna borobilduko duen kontzertu hori 21:00etan izango da.

Doako sarrerak, webgunean eskuragarri

Herritarrek saltoki txikiei eskaintzen dieten laguntza saritu nahi du Ibai-Artek. Hori dela eta, urriaren 3an egingo duten Hauspo Eguneko kontzertuetarako doako sarrerak erreserbatzeko aukera jarri dute dagoeneko elkartearen webgunean. "Anima zaitez eta egin erreserba lehenbailehen!".

Esan moduan, Ibai-Artek antolatu du Hauspo Eguna, Trikitixa Eskolarekin batera eta Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak