Eskertze-menua dastatzen Donostian

Mireia Bikuña 2020ko ira. 11a, 20:00

Izaskun Moreda, Maru Mellado eta Mila Gomez, Basque Culinary Centerren

Basque Culinary Centerrek 1.000 menu banatzen dihardu, irailean zehar, koronabirusaren kontra lehian diharduten osasun arloko langileen artean. Han egon dira Debagoieneko Ospitaleko hainbat langile, talde txikietan banatuta.

Bi aldiz pentsatu barik eman zuten izena Maru Melladok, Izaskun Moredak eta Mila Gomezek. Lehena erizaintzako laguntzailea da eta beste biak, erizainak, Debagoieneko Ospitaleko kirurgia eta trauma solairuan. "Hilabete gogorrak dira. Pasa ditugunak eta egun bizi ditugunak. Halako eskertze ekimenak oso gustagarriak dira. Eskertzekoak. Guk oso ondo pasa genuen", dio Maru Melladok.

Ikasleak sukaldari

Segurtasun eta distantzia neurriak beteta, protokolo zorrotzarekin hartu zituzten lehen gonbidatuak, hilaren 3an. Gastronomiako eta Sukaldaritzako Arteetako graduko bigarren eta hirugarren mailetako ikasleek egiten dituzte sukaldari eta zerbitzari lanak. "Proiektu hau ikasleen prestakuntza-programan sartuko da, eta aukera aparta da aretoaren eta sukaldearen arloan ikasitako guztia benetako bezeroekin gauzatzeko. Oraingoan, osasun arloko langileekin. Bidez batez, azken hilabeteetan egindako lana eskertuko diegu", esan dute Basque Culinary Centerreko arduradunek.

Lehena, bigarrena eta postrea

Lehen platera norberak aukeratzen du eta bigarrenerako arraina eta okela dago: bakailaoa barazkiekin eta txerri-solomoa tomatearekin eta sagar-purearekin. Eta, postrerako, hiru aukera: hostopil-tarta, azenario eta almendra bizkotxoa edo sagar errea. "Zerbitzari lana egiten zeudenek esan ziguten postreak direla euren espezialitatea. Hortaz, hirurak probatu genituen. Oso goxoak zeuden. Ederrak", gogoratu du Melladok.

Talde txikietan

Melladok, Gomezek eta Moredak batera bazkaldu zuten. Debagoieneko Ospitaleko beste langile batzuk ere egon dira eskertze-menuaz disfrutatzen, baina, talde txikien protokoloa mantentzeko, hiru, lau edo bosteko taldeetan kokatu zituzten jangelan. "Bazkaltzeko orduan izan ezik, maskara ipinita eduki genuen. Distantzia eta higiene neurriak gordetzeko baliabide guztiak eman zizkiguten". Irail osoan zehar emango dituzte eskertze-menuak. Osasun langileek eurek egin behar dute eskaera, Bculinary.com atarian sartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak