Goi mailako hiru taldek borobilduko dute musika zikloa

Eneko Azurmendi 2020ko ira. 11a, 11:46

Kulturate Akustikoen lehenengo asteburu "arrakastatsuaren" ostean, bigarrenak ere "oso itxura ona" dauka, Karmelo Alberdi Kultura teknikariaren arabera. Hala, Murgi, Amann & The Wayward Sons eta Maren izango dira musika zikloa itxiko dutenak. Hiruak ere, Kulturateko areto nagusian izango dira, 20:00etan, eta doan.

Lehen asteburuak emandakoarekin oso pozik geratu ziren antolatzaileak. "Hasieran, beldur apur bat geneukan, publikoak nola erantzungo ote zuen eta neurriak beteko zituen. Gainera, areto nagusia ere ez da hain handia. Hala ere, oso erantzun ona izan zuten zaleek, eta hiru kontzertuetan 50-60 pertsona inguru batu ziren. Kontzertuei dagokienez, hirurak izan ziren oso onak, eta De la Sierra taldea sorpresa handia izan zela esango nuke. Hasiera batean, ez ziren oso ezagunak, eta kontzertu ikaragarria eman zuten. Oro har, uste dut publikoa oso gustura irten zela hiru emanaldietatik", azaldu du Alberdik.

Bakarlari izatetik, taldeko proiektura

Bigarren asteburuari dagokionez, gaur, egubakoitza, Murgi taldea izango da Kulturateko areto nagusian, 20:00etan. Bakarlari ibili ondoren, taldeko proiektuan murgilduta dabil Tristtan Mourguy. Iaz kaleratutako Sargia diskoko abestiak nagusituko dira gaur, eta baita Dual 1 eta Dual 2 diskoetakoak ere. "Trovadore diskoko abestirik ez dugu joko. Nahiko gitarra klasiko eta folkarekin grabatu nuen, nahiko kantu lasaiak dira; beraz, hirukote elektriko batendako moldaketak egiteko zailak", azaldu du Mourguyk.

Halaber, eskerrak eman gura izan dizkio Arrasateko Udalari, jotzeko aukera eskaintzeagatik. "Hau da lotuta dugun emanaldi bakarra eta uste dut ez dela askorik izango", gaineratu du musikariak. Taldeari buruzko informazio gehiago, gaur argitaratu den Puntua aldizkariko 38. orrian.

Bigarrena, rock amerikarra

Ordu eta leku berean izango den zapatuko emanaldia "sorpresa" izango da, Alberdiren esanetan. Amann & The Wayward Sons taldeari buruz ari da. "Ez da oso talde ezaguna, baina maila handiko musikariak dira. Bilboko Kafe Antzokian grabatutako disko bat daukate, eta soinua zoragarria da", nabarmendu du. Rock amerikarra lantzen du, batez ere, Bilboko taldeak, baina badu beste estilo batzuen eragina ere: jazza, rock progresiboa eta psikodelia, esaterako.

Gaztetasunetik gazteengana

Maren artista gazteak borobilduko du zikloa, domekan. "Nerabeen artean oso ezaguna da, eta, agian, jende gehiegi etorriko zaigu. Pena izango litzateke batzuek kanpoan geratu behar izatea", dio Alberdik. Hil honetan Margaritas y Lavanda diskoa kaleratzea aurreikusten du bilbotarrak. Informazio gehiago, gaurko Puntua-ko 4. orrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak