Unai Ibarra: "Taldearengan ilusio handia dugu, bai jokalariek eta bai nik"

Eneko Azurmendi 2020ko ira. 10a, 15:33

Unai Ibarra, Iturripen. Argazkia: Ointxe!

Unai Ibarra izango da sortu berri den Ointxe!-ko emakumezkoen senior mailako taldea zuzenduko duena. Ilusioz hartu du erronka eta taldeari hazten laguntzeko konpromisoa hartu du.

Nola iritsi zitzaizun senior mailako emakumezkoen taldea zuzentzeko proposamena?

Hasiera batean, Beñat Barberena zen entrenatzailea, baina lan kontuak direla-eta ezin izango du. Beraz, niri proposatu zidaten eta ilusio handiarekin onartu nuen erronka berri hau.

Nolako taldea duzu?

Talde oso gaztea da. Jokalari gehienak formakuntza kategorietatik etorritakoak dira, baina ilusio handiarekin daude, eta taldea aurrera ateratzeko gogotsu. Talde dinamikoa garela esango nuke. Apustu handia egin da talde honen alde, eta gure esentzia teknika indibiduala eta dinamismoa izango da.

Zuretako bakarrik ez, klubarendako ere erronka handia da hau.

Bai, noski. Beharrezkoa zen nesken senior mailako talde bat klubean, jokalari gazteentzat erreferentzia bat delako goiko taldea. Hori dela eta, helburua da urte batzuk pasa ostean ahalik eta goren egotea eta emakumezkoetan goi mailako talde bat izatea Arrasaten.

Oraingoz, Gipuzkoako Lehen Mailan hasiko zarete. Nolakoa maila da?

Oso fisikoa da, baina nik uste dut gure taldeak gaitasuna izango duela aurpegia emateko. Hau hasiera da, eta jokalariak prest daude maila honetan daukaten onena emateko. Helburuak betetzeko dira, eta talde honek goian egoteko helburua du.

Garai zailak dira hauek. Baduzue denboraldia hasteko datarik?

Aurreko astean, irailaren 15ean hasiko ginela esaten zuten. Hala ere, Gipuzkoako Federazioak urriaren 4ra atzeratu du senior mailako kategorien hasiera. Beraz, gu data horretan zentratuko gara, denboraldia ahalik eta hoberen hasteko.

Koronabirusari lotutako protokolorik badaukazue edo oraindik ez?

Euskadiko Saskibaloi Federazioak elkarbanatu zuen lagunartekoetarako eta entrenamenduetarako. Gu, printzipioz, protokolo horrekin ari gara lanean, baina espero dugu gauzak gehiago zehaztuko dituztela datozen egunetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak