Talde hasi berrien eta dagoeneko ibilbide txalogarriak dituzten artisten musikarekin gozatzeko aukera izango da, irailaren 4an hasi eta 13ra bitartean Arrasateko Udalak, aurten, hamabigarrenez, antolatu duen Kulturate Akustikoak izeneko egitarauan.
Orain arteko aldietan moduan, pop, rock eta bestelako doinu akustiko lasaiak izango dira askotariko artisten eskutik entzungai. Euskal Herriko ordezkaritza Oñatiko Aran Saiz oñatiarraren azken proiektuak, Donibane Lohitzuneko Tristtan Mourguyk gidatzen duen Murgi hirukoteak eta Bilboko Maren artista gazteak osatuko dute; Pauline en la playa, Amann&The Wayward Sons eta zikloa zabalduko duen De la Sierra taldeek osatuko dute aurtengo eskaintza.