Hosto iraunkorreko hostozabalen baso naturala da artadia. Mediterraneoko isurian ohikoagoa den arren, kantauriar isurialdean ere badaude gutxi batzuk, eta horietako bat Udalatxekoa da. Mendebaldeko maldan dago artadia, Besaidetik Kanpanzarreraino. Artea (Quercus ilex) da zuhaitz nagusia baso horretan, baina beste zenbait zuhaixkak ere laguntzen diote: gartxuak, erratzak, gorostiak, elorriak...
Abariztia
Altxor botaniko bat da abariztia. Oso ezohikoa da abaritza (Quercus coccifera) kantauriar isurialdean aurkitzea. Izan ere, Bizkaiko mendebaldeko muturrean eta Arrasaten bakarrik dago. Galtzeko arriskua duenez, Foru Aldundiak babestuta du.