Senior mailako emakumezkoen taldea izango du datorren denboraldian Ointxe!-k

Eneko Azurmendi 2020ko uzt. 24a, 08:40

Atzo, eguena, Iturripen emandako prentsaurrekoa.

"Asmoa da 8-10 jokalari ingururekin taldea ixtea eta junior etapa amaitzerakoan, etapa berri bat hasteko aukera ematea jokalariei, formatzen jarraitzeko. Hori dela eta, lotura bat egingo dugu junior eta senior mailako taldeen artean", azaldu du Iñaki Ogaran Arri-k, klubeko kideak.

Gizonezkoen senior mailako entrenatzailea da Arri, eta bera ari da emakumezkoen proiektua martxan jartzen. "Ideia ez da taldea nik zuzentzea. Ari naiz entrenatzaile batzuekin harremanetan, eta aukera ezberdinak aztertzen ari gara".

Duela 30 urte inguru eduki zuen azkenengoz Ointxe!-k emakumezkoen senior mailako taldea. Beraz, ia hutsetik abiatutako proiektua izango da, eta Gipuzkoako Lehen Mailan hasiko dira jokatzen. "Berez ez geneukan maila horretan jokatzeko aukerarik, baina Federazioari eskaera egin genion hor jokatzeko, uste genuelako gure kirol maila Gipuzkoako Lehen Mailan hasteko modukoa zela. Duela astebete jaso genuen erantzuna: baiezkoa".

Debagoieneko jokalariak oinarri

Arrasateko klubaren helburua da talde berriaren nortasuna Debagoiena izatea eta Arrasateko jokalariak bakarrik ez, bailarako jokalariak ere izatea. "Momentuz, sei jokalari ditugu: Arrasateko hiru, Oñatiko bi eta eta Tolosako bat. Baina, esan moduan, hasierako helburua da proiektu hori martxan jartzea eta pixkanaka garatzen joatea", nabarmendu du Arri-k. Era berean, aitortu du bizpahiru jokalariren beharra daukatela. "Junior mailako jokalariekin osatu dezakegu taldea, baina oinarri sendo batekin hasteko, senior mailako bizpahiru jokalari gehiago beharko genituzke. Beraz, ateak zabalik ditugu Debagoieneko emakumezko saskibaloi jokalariendako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak