Munduko Arrozen Festa, aurten modu berezian

Eneko Azurmendi 2020ko uzt. 22a, 12:15

2020an ezin izango dute Munduko Arrozen Festa egin, egoerak hala behartuta, baina "Arrasatek duen aniztasuna bistaratzea eta aniztasun horrek herriari ematen dion aberastasunaren aldarrikapena" egiteko aukera ez dute galdu nahi izan antolatzaileek, bideo bat publikatuz.

Arrasateko Udaleko Aniztasun Saila, Emakume musulmanak euskal gizartean integratzeko helburua duen IMME elkartea, Ekin, SOS, AMS –Mundu Solidarioa Elkartea– eta Gurutze Gorria dira ekimenaren antolatzaileak. "Mundu osoan kontsumitzen den jaki bat oinarrian hartuta, arroza, eta berau prestatzeko dauden modu anitzen bitartez, Arrasateko herriak duen aniztasun kulturala bistaratu eta kulturen arteko elkarbizitza positibo bat posible dela aldarrikatu nahi izan dugu" adierazi dute.

Antolatzaileen esanetan, jatorri desberdinetatik etorritako arrasatearrek parte hartu dute aurtengo edizio berezi honetan: Venezuela, Errusia, Extremadura, Sahara, Nikaragua, Euskal Herria, eta abar. Modu berezian egin dute aldarrikapena. Hala, bakoitzak bere etxean, familian edo lagunen artean kozinatu dituzte arroz-platerak eta plater horien irudiekin, bideo bat sortu dute, "herriak duen aniztasunaren erakusle gisa".

Urtero moduan, ekimen honen bitartez kulturen arteko harremana bultzatu nahi dute. "Ondoan dauden pertsonak eta taldeak ezagutzeak elkarbizitza aberatsagoa izatea dakarrelako, jatorri ezberdineko pertsonen arteko harremana eta bizikidetza defendatu eta bultzatu nahi dugu. Munduko Arrozen jaia, herrian bertan elkartzeko jaia da, espazioa eta bizipenak partekatzeko eta elkar hobeto ezagutzeko jaia, alegia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak