Tornay senideak maila onean aritu dira Bulgarian

Eneko Azurmendi 2020ko uzt. 22a, 09:43

Haizea Tornay, torneoko partida batean.

Gorigi Tringoven Oroimenezko Nazioarteko Xake Torneoa jokatu dute Aritz eta Haizea Tornay anai-arrebek eta Josu Tornay aitak, Bulgariako Plovdiv hirian. Hamar herrialdetako 102 xakelarik hartu dute parte, eta arrasatearrek emaitza txukunak eskuratu dituzte.

Torneo hasiera "harrigarria" egin zuen Haizeak, aitaren esanetan. "Lehen partidan Bulgariako gazte mailako jokalari onenetariko bat, Viktor Boev, gainditu zuen 2.289 elo dituena –Nazioarteko Xake Federakuntzak ebaluatzeko erabiltzen den sistema da elo sailkapena edo rankinga–.

Bigarren partidan Pavel Dimitrov nazioarteko maisua, 2.339 elo dituena, "guztiz suntsitu zuen" partidan, baina berdinketarekin konformatu behar izan zen, "denbora oso gutxi" edukita. Hirugarren partidan FIDE (Nazioarteko Xake Federakuntza) maisu Gabriela Antovaren kontra galdu zuen eta laugarrenean, Yavor Nikoloven kontra –2.014 elo ditu– berdinketarekin konformatu behar izan zen, nahiz eta abantaila eduki partida osoan. Bosgarrenean, 1.835 elo dituen Hristian Koleven kontra irabazi zuen, eta oso ondo kokatu zen bere lehen emakumezkoen nazioarteko maisuko norma lortzeko. "Horretarako derrigorrezkoa zen Simeon Todev maisurako hautagaiaren kontra irabaztea seigarrenean. Oso borroka tirabiratsua izan zen, baina azkenean Haizeak galdu zuen. Norma lortzeko aukerak hor bukatu ziren Haizearentzat eta azken hiru partidetan bere errendimendua jaitsi zen: bat galdu zuen eta bi berdindu". Performance konkretu bat lortzeari esaten zaio norma, eta titulu bat lortzeko hiru norma lortu behar dira.

Hala ere, 16 urteko arrasatearrak 2.000 elo inguruko performance-a egin zuen eta 100 elo puntu igo zituen. Hala, 102 parte-hartzailetik 55. sailkatu zen eta 18 urtez azpiko gazteetan zazpigarren neska izan zen, 4 punturekin.

Josu Tornay, torneoko partida batean.

Josuk, bestalde, 6 puntu egin zituen 9 partidetan. Bere partidarik onena azken txandakoa izan zen, nabarmentzekoa. Izan ere, Dimitar Marholev nazioarteko maisua gainditu zuen. Azkenean, 21.postuan sailkatu zen eta bere kategoriako bigarren postuan, rankinga apur bat igoz eta dirutan sari bat eskuratuz.

Aritz Tornay, torneoko partida batean.

Aritzek 12 urte dauka eta "torneo gogorra" izan zen berarentzat. "Hala eta guztiz ere, 86.postuan lortu du sailkatzea, 3 punturekin, eta bere rankinga ere apur bat igo du".

Nazioarteko torneo garrantzitsua

Esan moduan, 102 xakelarik hartu dute parte uztailaren 12tik 19ra bitartean jokaturiko torneoan: horien artean, gizonezkoen bost maisu handi, zazpi nazioarteko maisu, emakumezko maisu handi bat, zazpi FIDE maisu, emakumezko nazioarteko maisu bat eta emakumezko FIDE maisu bat zeuden.

Koronabirusaren krisiak eraginda, Europako torneo gehienak bertan behera utzi dituzte eta Giorgi Tringov opena "garrantzitsuenetako bat bezala" geratu da kontinentean. Aritzek eta Haizeak Alemaniako federakuntza ordezkatu dute eta Josuk, aldiz, Espainiakoa.

FIDE (Nazioarteko Xake Federakuntza) tituluak, garrantzitsuenetik hasita, hauek dira: Maisu Handia, Nazioarteko maisua, FIDE maisua eta Maisu Hautagai dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak