Blues doinuak herria "bizitzeko" lagungarri

Mirari Altube Arrese 2020ko uzt. 19a, 11:33

Punta-puntako blues musikariak elkartu dira aste bukaeran Arrasaten, eta osasun larrialdiak muga asko jarri arren, Ibai Artek antolatutako Arrasate Blues jaialdia arrakastatsua izan da beste behin.

Ahalegin berezia egin dute Ibai Arte merkatarien elkarteko kideek Arrasate Blues antolatzeko. Eta trabak traba, aurrera egin dute iazkoa baino jaialdi motzagoa izan arren: "Errazena izango zen ezer ez egitea baina guk uste dugu garrantzitsua dela kulturari eustea eta aurrera egitea erabaki dugu", adierazi du Jon Apraizek, Ibai Arteko presidenteak; eta pozik agertu da herritarrek egindako harrerarekin: "Jarrera ezin hobea erakutsi dute, eta halako ekintzak pozik hartzen dituzte. Herriari bizitasuna ematea da kontua".

Herritarrak gustura

Sei emanaldi izan dira bi egunetan; horietako gehienak eserita, segurtasun distantziak mantenduta, baina kale bazterrak girotzen ere ibili zen talde bat atzo iluntzean: Nafarroatik etorritako Broken Brothers Brass Band. Terrazetatik jarraitu zituzten askok horien doinuak, eta hankei zein eskuei ezin izan zieten geldi eutsi. "Izugarria da halako maila duten taldeak izatea gure artean", zioen ikusle batek eta gaineratu zuen: "Egoera arraroa da; guztiok maskarak jantzita eta dantzan egin beharrean eserita ikusi behar, baina eskertzen da halako alaitasuna sortzea kaleetan".

Musikariak eskertuta

Iker Piris gitarra-jole tolosarra pozik agertu zen jaialdiarekin: "Musika eginez bizi garenontzat behar beharrezkoak dira emanaldiak, eta azken hilabeteotan asko utzi dituzte bertan behera. Hortaz, Euskal Herrian halakoak antolatzea gauza handia da". Era berean, edozein herrirentzat direla garrantzitsuak uste du: "Begiratu plazari, emanaldi barik hilda egongo litzateke. Eta herritarrentzat, komertzioentzat, guztientzat da ona hau".

Proiektu berrian murgilduta dabil, gainera, Piris: "The Romanticos taldearen gidaritzan hamar urte egin ondoren, talde berria egin dut hainbat musikari frantsesekin eta diskoa atera dugu. Horrekin Europa aldera jo nahiko genuke".

Erlazionatuak

Blues musika Arrasateko kaleetan

Jone Inuntziaga 2020 uzt 17 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak