Arrasate Blues, inoiz baino bluesago aurten

Eneko Azurmendi 2020ko uzt. 17a, 09:30

'Musikaren erritmoa' izenpean, iazko argazki lehiaketako bigarren saritua. Argazkia: Juan Luis Elizaran.

Laukoa beharrean, bi eguneko egitaraua osatu du aurten Ibai-artek, halabeharrez, baina, merkatarien elkarteko presidente Jon Apraizek azaldu duenez, jaialdiaren izenari zor, iazkoak baino blues kutsu nabarmenagoa izango du aurtengoak, gaur zein bihar.

Baldintzak aintzat hartuta kartel "txukuna" osatu dutela azpimarratu du Apraizek. "Pozik gaude. Kontuan hartu behar da aurten berandu ibili garela eta egoera ere ez dela errazena izan horrelako jaialdi bat antolatzeko. Lau eguneko programa geneukan buruan hasieran, baina, pandemia dela eta, bi egunera jaitsi dugu. Talde ezberdinekin hitz egiten hasi ginen eta batzuek esan ziguten entsegu faltan zeudela eta ez zeudela prest zuzenean jotzeko. Beste batzuk, ordea, animatu egin dira. Gainera, esango nuke aurten benetako blues jaialdia izango dela, talde guztiak direlako musika estilo horretakoak".

Horrez gain, adierazi du "oso talde onak" direla seiak eta segurtasun neurri guztiak hartuta baina disfrutatzeko momentu ona dela hau. "Beraz, iaz hasi genuen jaialdi hau aurten ere arrakastatsua izatea espero dugu, eta herritar guztiak animatzen ditugu musikaz gozatzera; betiere, arduraz jokatuz".

Goi mailako sei talde

The Song

The Song taldeak emango dio hasiera jaialdiari, gaur bertan. Hala, The Beatles, The Rolling Stones, Carole King, Pink Floyd, The Kinks, Duke Ellington, Muddy Waters, Neil Young eta Credence Clearwater Revival taldeen konposizioez gozatu ahal izango dute zaleek; betiere, hirukotearen nortasun propio eta pertsonalarekin. Euskal Herria plazan ariko dira gaur, egubakoitza, 19:00etatik aurrera. Luis E. Pinedo, Juan Manuel Guereñu eta Javier Rodriguez dira taldekideak. Informazio gehiago hemen.

Serious Business

Serious Business taldeari dagokionez, duela bost urte sortu zuten eta bluesean eta rockean oinarritzen dute euren musika. Duela gutxi, 2019ko urrian, kaleratu zuten bigarren diskoa: The Last Port Sessions. Plazan emango dute kontzertua, gaur, egubakoitza, 22:00etan. Aitor Badiolak, Maria Armendarizek, Antxon Sarasuak eta Ander Zulaikak osatzen dute taldea. Informazio gehiago hemen.

Patakbra Blues Duo

Euskarazko, gaztelaniazko zein ingelesezko kantu propioak ditu Patakbra Blues bikoteak, eta, euren esanetan, abestiak "fotokopiatzetik" urrun daude, estilo propio bati balioa emanda. Bihar, zapatua, 13:00etan hasita, Izozkitegi inguruan ariko dira Oskar Rementeria eta Josean Garcia, gitarrarekin eta harmonikarekin. Informazio gehiago hemen.

Broken Brothers Brass Band

Broken Brothers Brass Band, berriz, kontzertu ibiltarietan zaildutako taldea dela esan daiteke. Estatikoan baino gehiago, kalez kale ibiltzen dira gehienbat iruindarrak, eta lau disko dituzte kaleratuta. New Orleanseko doinuak dituzte oinarri. Bihar, zapatua, 19:30ean hasita, herriko kaleak girotzeko helburua izango du 2006an Iruñean sortutako taldeak, euren doinu dantzagarriekin. Informazio gehiago hemen.

Iker Piris & his Dual Electras with Niko Wayne Toussaint

Iker Piris tolosarra proiektu berrian murgilduta dabil orain, musikari frantsesekin: Iker Piris & His Dual Electras. Horiekin batera, gainera, harmonika-jotzaile entzutetsuenetako bat izango da, Niko Wayne. Plazan eskainiko dute kontzertua bihar, 20:00etan. Iker Piris tolosarrak gitarra jotzen du eta Niko Wayne frantziarrak, berriz, harmonika. Informazio gehiago hemen.

Travellin' Brothers

Jaialdia Travellin' Brothers seikoteak itxiko du bihar. Baxuak, gitarrak, bateriak, pianoak, saxoak eta ahotsak blues, funk eta swing nahasketa gustagarria plazaratzen dute. Bihar, 22:00etan hasiko da kontzertua. 2003an sortutako taldea da. Informazio gehiago hemen.

Kamisetak salgai kontzertuetan

Berrikuntza modura, kamisetak salduko dituzte aurten. "Ternuarekin akordio txiki bat egin dugu eta oso prezio onean utzi dizkigute. Marka sortzea da helburua, baina aurten 300 bakarrik jarriko ditugu salgai, askotariko kolore eta neurrietakoak. Kontzertuak egingo dituzten lekuetan salduko ditugu, baina, gehienbat, plazan, musika taldeen diskoekin batera", dio Apraizek.

Jaialdiko garagardoa egongo da

Halaber, egubakoitzean zein zapatuan, tabernetan Arrasate Blues 18/70 zerbeza egongo da eskuragarri, Kajoi, Itzala, 1990 Gastroteka, Izozkitegia eta Monte tabernetan, besteak beste. Mota bakarra egongo da, horia, eta 2,20 eurotan salduko dute.

Erlazionatuak

Komertzioa eta kultura bizi-bizi

Aitor Agiriano Arrese 2020 uzt 17 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak